EH Bilduren kudeaketa "ez da nahikoa" PSE-EEren ustez
Sozialistek udal gobernuaren agintaldi erdiko balorazio kritikoa egin dute. "Ekintza eza, anbizio falta eta proiektu eraldatzaile eza" leporatu dizkiote.
Joxean Sanchez, Lezoko PSE-EEren udal taldearen eleduna. Lezoko udal gobernuaren agintaldi erdiko balorazioa egin du Lezoko PSE-EEk. Kritiko azaldu da. Joxean Sanchez bozeramaile sozialistak ziurtatu du bi urteak “txarrak edo eskasak” izan direla, “tiratzen ez duen herri batekin eta bultza egiten ez duen udal gobernu batekin”. EH Bilduren kudeaketa “ez da nahikoa” eta agintaldia “denbora galdua” bihurtzeko arriskuaz ohartarazi du Sanchezek. “Ekintza eza, anbizio falta eta udalerrirako proiektu eraldatzaile eza” egotzita dizkio udal gobernuari. Agintaldiaren bi urteetan sozialistek “oposizio arduratsu eta eraikitzailea” egin dutela ziurtatu dute.
Atalkako errepasoa egin du PSE-EEk. Etxebizitza alorrean gogorarazi du etxebizitza duina lortzea dela lezoarren kezka nagusietako bat. “Errealitate horren jakitun, sozialisten bultzada funtsezkoa izan da udalak urrats erabakigarri bat eman dezan: Eusko Jaurlaritzari beharrezko dokumentazio guztia bidaltzea, udalerria eremu tentsionatu izenda dezaten. Ekimen horren bidez, udal talde sozialistak alokairuko prezio bidezkoagoak eta etxebizitza eskuratzeko aukera gehiago bermatu nahi dizkie herritar guztiei”.
“Presio fiskala, aurrekontu zabala eta aurreko gobernuak oinordetzan utzitako zero zorra izan arren” jarraitu dute sozialistek, “EH Bilduk ez du jakin udalak dituen baldintza onak aprobetxatzen benetako aldaketak bultzatzeko eta herritarren eskaerak asetzeko. Gobernu-taldeak ia ez ditu gauzatu agintaldiaren hasieran hartutako konpromisoak, nahiz eta asmo gutxiko eta zehaztasunik gabeko neurriak dituen gobernu programa bat aurkeztu”.
Egungo udal gobernuak, aurreko gobernu taldeengandik (EAJk eta PSE-EEk osatutakoak) jasotako herentzia luzatu besterik ez duela egin adierazi du Sanchezek, “herritarren eskaerei edo udalerriaren premiazko beharrei aurre egin gabe”. Horren adibide kiroldegiko instalazioen birgaitzea, Altamira eta San Pedro-Pysbe auzoetako mantenu hobekuntzak, Auñamendi kalea eta industrialdeak, Altamiragain biziberritzea, Lezo 2030 Agenda betetzea edo aparkaleku berriak eta irisgarritasuna hobetzea jarri ditu.
Horrez gain, sozialistek salatu dute ez dela lortu beste erakunde batzuen finantziazioa erakartzea, “aurreko agintaldian hitzartutakoaz gain”. Zentzu horretan, PSE-EEk eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Mugikortasun departamentuei, aurreko gobernu taldearekin hartutako konpromisoei eutsi dietelako, “eta horri esker Lezo-Donibaneko bidegorria amaitu eta udal igerilekuetan hobekuntzak egin ahal izan dira”.
Haiek egindakoetan ere zentratu dira sozialistak. Osoko bilkuran proposatu eta onartutakoen berri eman dute , hala nola mozio bidez udalari eskatuz Lezo eremu tentsionatu izendatzeko alokairu merkatuko prezio garestiengatik; udalerria klima-aldaketari aurrea hartzeko eta horretara egokitzeko neurriak ezartzekoa; edo zarataren aurkako ordenantza bat egiteko mozioa.
Horrez gain, Berdintasunerako Mahaia sortzea proposatu du, “baita sexu-aniztasunerako plan bat sortzea eta udaltzaingoa modernizatzeko eta herritarrengana hurbiltzeko plan bat ere”. ”Etorkizunari begira, Lezoko sozialistok lanean jarraituko dugu Arraitoki eremuan erabilera anitzeko eraikina, babes ofizialeko etxebizitzen sustapen berriak garatzeko lurzorua erostea, eta alokairurako laguntzak berreskuratzea edo kolektibo ahulenei zuzendutako partidak handitzea bezalako proiektuak errealitate izan daitezen”, bukatu du Sanchezek.
