Pasaia bizigarriago, bidezkoago eta burujabeago baten alde lanean dihardu EH Bilduk
Agintaldiaren lehen erdia eginda, lehen bi urteen balorazioa egin du herriko koalizio subiranistak. Parez pare dituzten erronkak azaldu eta bigarren erdirako dituzten konpromisoak berretsi dituzte.
Bi urte pasa dira jada Pasaiako EH Bilduk alkatetza hartu zuenetik. Denbora horretan, “aldaketa sakon” baterako oinarriak jarri dituztela adierazi du herriko koalizio abertzaleak, “Pasaia bizigarriago, bidezkoago eta burujabeago baten alde”. Agintaldiaren lehen erdia osatuta, lehen bi urteen balantzea egin dute EH Bilduren oinarriek eta udal taldeak, eta parez pare dituzten erronkak azaldu eta bigarren erdirako dituzten konpromisoak berretsi dituzte.
Pasaiaren gidaritza hartu zutenean udal gobernuaren kide gisa, 2023-2027 urteetako Agintaldi Plana aurkeztu zuten, lau urte horietarako bide orria dena, helburu argi batekin: “Pasaia eraldatzea ikuspegi sozial, feminista, ekologista eta euskaltzaletik abiatuta”. Bidea, baina, “erraza” izan ez dela baietsi du koalizio subiranistak, herriak eta udalak zituzten “baliabide urriekin” aritu behar izan baitira. Horri administrazioaren inertzia burokratikoak gehitu dizkio EH Bilduk, denborak eta prozedurak “traba” izan baitira askotan. Hala ere, “zailtasun” horiek “eragozgarri” izan ez direla nabarmendu du koalizioak, eta konpromisoari “tinko” eutsi diote hasieratik: “Pasaiak behar eta merezi duen jauzia bideratzea, herritarren eskutik, eta sinetsita gaude norabide onean goazela”.
Herritarrengandik gertuago
Hasiera-hasieratik, udalaren eta herritarren arteko harremana eraldatzeko “lan handia” egin dutela adierazi du koalizio abertzaleak, “herritarrengandik gertuago egongo den udala, eta udaletik gertuago egongo den herria eraikitze aldera”. Hori dela eta, erabaki estrategikoetan herritarren iritzia “erdigunean” jarri dutela zehaztu dute: “Gure oinarritik hasita eta bilerak eragileekin, parte hartze prozesuak, alkateordetzen bidez jasotakoak eginez”.
Eredu horretan “sakontzen” jarraitu nahi dutela baietsi du EH Bilduk, eta, horregatik, udala estreinakoz barruti batzarrak egiten ari da. Udal ordezkariak barrutiz barruti ari dira herritarren beharrak eta ekarpenak jasotzen eta udalak martxan dituen proiektuak aurkezten.
Politika fiskal justuago baterantz
Azken bi urteetan, “fiskalitate justuago eta progresibo” baten aldeko hautua egin dutela azaldu du EH Bilduk, herritar guztiek beren “ahalmenaren araberako” ekarpena egin diezaioten Pasaiari. Zaharkitutako ordenantzak eta zerga sistema eguneratzen hasi direla aurreratu dute, eta finantzazio iturri berriak bilatzen ari direla baietsi dute. Horien artean, portuaren jardueragatik Pasaiak jasaten dituen “kalteengatiko” konpentsazio mekanismoak exijitzen ari direla nabarmendu du koalizio subiranistak. “Eta gai honetan, zalantzarik gabe, beharrezkoa da eta izango da EH Bilduk erakundeetan betetzen duen papera eta egiten duen lana”.
Politika feministak eta zaintza eredua
Politika feministen bidez, zaintza erdigunera eramango duen udal eredua garatzen ari direla jakinarazi du alderdi abertzaleak. Hainbat adibide zenbatu dituzte, besteak beste, LGTB bizitzen diagnostikoa edota etxez etxeko laguntza zerbitzuaren aldeko apustua. “Datozen urteotarako proiektu berrirako inbertsioa handiagotu dugu, langileen aldarrikapenei erantzunez”, esan dute. Zaintza eskubide kolektibo gisa aitortuz, zaintzaile direnen lan baldintzak hobetu dituztela zehaztu du EH Bilduk, eta horrek “onurak” ekarriko dituela nabarmendu dute, bizilagunek jasotzen dituzten arreta eta ordu zerbitzuetan.
Udala eraldatzen
Udaleko barne antolaketan ere urratsak egin dituztela baietsi du koalizioak. Aurrez aipatu bezala, zaharkitutako ordenantza eta arauak eguneratzen ari dira lanean, eta langileek lan baldintzak hobetzeko urteetan eskatu izan duten balorazio prozesua martxan dute jada. Horrez gain, merkataritzaren aldeko “politika aktiboak” berretsi dituztela jakinarazi du alderdi subiranistak, eta Udaltzaingoaren antolaketa ere egokitzen ari dira, oinezko zerbitzu “hurbilago eta komunitarioagoa” bermatzeko.
Etorkizuna: burujabetza eta bizigarritasuna helburu
EH Bilduk baietsi du “asmo irmoa” dutela trantsizio demokratiko, sozial eta ekologiko baterako oinarriak sendotzen jarraitzeko. Bide horretan, aparkalekuaren ordenantza martxan dago, eta etxebizitzaren arloan ari dira lanean, Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko. Kale garbiketaren kasuan, zerbitzua hobetu behar dutela ziur dira. Nahiz eta udan igandeetara ere zabaldu duten zerbitzua, horretan sakontzen jarraitu behar dutela uste dute. Ingurumenean “jauzi kualitatiboa” eman dutela esan dute, hondakin kanpainari esker: “Birziklapen tasak gorakada nabarmena egin duela antzeman dugu”.
“Hori guztia ez da kasualitatea. Elkarlana, gardentasuna eta herritarren parte hartzea izan dira gure gobernantza ereduan ardatzak. Herritarrengandik hurbil dagoen udal bat eraikitzen ari gara, eta horretan sakontzen jarraitzeko gogoz gaude”, esan dute aurrera begira dituzte erronka eta konpromisoez.
Agintaldi erdia falta bada ere, EH Bilduk epe horretatik harago doan proiektu bat duela adierazi du, eta beren konpromisoa pasaitar guztiekin berretsi nahi dute: “Pasaia guztion artean bizigarri eta duinagoa egitea”.
Pasaiak dituen “funtsezko eta egiturazko” erronkei “gogotik” heltzeko eta testuingurua osatzeko lanean ari direla berretsi dute: portuarekiko elkarbizitza bidezkoagoa, Oarsoaldeko Garapen eredua eraberritu eta Pasaiak Gipuzkoako udal finantzaketan behar duen konpentsazio aitortza bideratzea.
