PPAk lonjako lokal bat egokituko du, ostalaritzarako
PPAk arrantza lonjaren eraikinean dagoen 528 metro koadroko lokal bat ostalaritza zerbitzuetarako egokituko du, eta hasi ditu jada hura egokitzeko lanak.
Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) arrantza lonjaren eraikinean dagoen 528 metro koadroko lokal bat ostalaritza zerbitzuetarako egokituko du, eta hasi ditu jada hura egokitzeko lanak.
PPAk Campezo Obras y Servicios enpresari esleitu dio proiektua, jarduketek bost hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute, eta PPAk ia 650.000 euroko inbertsioa egingo du. Obren barruan honakoak sartzen dira: ostalaritzako edozein motatako negoziotan komunak diren instalazioak egiteko lanak (hornidura, elektrizitatea, klimatizazioa edota aireztapena) eta igeltseria lan txikiak.
Jarduketak bukatutakoan, PPAk lehiaketa lizitatuko du lokala kafetegi eta jatetxe gisa ustiatzeko, eta, horrekin, portuaren eta Pasaiaren eskaintza gastronomikoa indartuko dutela adierazi dute.
Obrak Pasaiako lonja berritzeko azken fasearekin batera egiten ari dira. Proiektua abian da, eta hainbat lan biltzen ditu: itsas geotermiaren bidezko klimatizazio sistema bat instalatzea, LED argiztapena muntatzea, enkante elektronikorako aurreinstalazioak egitea eta salgaien zamalanak hobetzea.
Proiektua portuko instalazioak biziberritzeko eta modernizatzeko egindako apustuaren barruan kokatzen dela baietsi du PPAk, “lurraldearen motor ekonomiko eta sozial gisa duen eginkizuna sendotuz eta badiaren erakargarritasun turistiko eta komertziala sustatuz”.
