Soldata eta pentsio duinen alde "presioa" eragiten jarraitzeko deia
Ezinbestekoa jo du pentsiodunen mugimenduak alderdi politikoek presioa senti dezaten, "soldata eta pentsio duinak berma ditzagun pertsona guztientzat".
Duintasuna pentsiodunen elkartearen protesta gaur.Izaro Perez Loperena Hileko lehenengo astelehenarekin batera kalera atera dira pentsiodunak beste behin ere. Gaurko protestan aipamena Herri Ekimen Legegileari. Horren bidez, gutxieneko pentsioa gutxieneko lanbidearteko soldatarekin parekatzea eskatu nahi dute. Horren atzean lan handia dagoela jarri dute nabarmen, izan ere lau hilabete eman dituzte sinadurak biltzen, eta joan den hilean aurkeztu zituzten bildutako 140.000 atxikimenduak Legebiltzarrean.
Balorazioa, “positiboa oso”, gai izan direlako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztietan gaia mahai gainean jarri eta sinadura kopuru oso esanguratsua jasotzeko, “legebiltzarrak gure proposamena babesten badu, 100.000 pertsonei eragingo die, pentsio minimoak, gutxieneko lanbidearteko soldataren azpikoak dituztenei, zehazki”.
Imanol Pradales lehendakariarekin bilera eskatu duela Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere azaldu dute gaurko protestan, “gure eskaeraren nondik norakoak lehen eskutik azaldu, eta diru-kutxa publikoan zer suposatuko duen argitzeko ere”. Astebetean erantzuna emango zietela esan bazuten ere, oraindik.orain ez dutela jaso bilkurarako proposamenik azaldu dute, “gaia alderdi politikoen agendan kokatu dugu, eta orain zain gara tramitazioa egin eta legebiltzarrean azter dezaten. datozen hilabeteak aldarri horrekin emango ditugu, gutxieneko pentsioak, gutxieneko soldatarekin pareka dezatela, eta legebiltzarrean eztabaidatzeko unea heltzen denean, Gasteiza joango gara presioa egitera”.
Euskal gehiengo sindikalari ere aipamena Duintasunak gaurko protestaren barruan: “Sinadurak biltzen ari dira bertako gutxieneko soldata bertan erabaki ahal izan dadin”. Horiek ere Herri Ekimen Legegilea aurkeztea dute helburu, “argi dago Euskal Herrian dugun 1.180 euroko gutxieneko soldata ez dela nahikoa bertan ditugun baldintza sozioekonomikoekin, ez da nahikoa oinarrizkoak asetzeko ere”. Hori horrela, pentsiodunei sindikatuen eskaera babesteko eskatu die Duintasunak.
Presiorako deia. Ezinbestekoa jo du pentsiodunen mugimenduak alderdi politikoek presioa senti dezaten, “soldata eta pentsio duinak berma ditzagun pertsona guztientzat”.
Omenaldia Duintasunaren borroka eta konpromisoari
Pentsiodunen borroka erreferentziala bihurtu den zalantzarik ez da. Asko-askorentzat eredu dira hileko lehen asteleheneko elkarretaratzea eta manifestazioak, baita pentsio publikoekin bezala, osasun eta zaintza sistema publiko unibertsalen alde egiten ari diren lana ere.
Horren harira, Hibaika Arraun elkarteak Senior Tarineruen aurkezpen ekitaldiaren barruan pentsiodunen mugimendua omenduko duela azaldu dute gaur Duintasunako kideek. Datorren astean, ekainaren 12an izango da hori eta Duintasunak esker ona adieraztearekin batera, pentsiodun guztiak deitu ditu omenaldi horrekin bat egitera.
Ondoko bideoa, Izaro Perez Loperena egina da.
