Topoaren hiri integrazioa hobetzeko, erakunde arteko protokoloa
Eusko Jaurlaritzak eta Errenteriako Udalak sinatu dute gaur bertan topoaren ibilbidearen integrazioaren gaineko protokoloa.
Gaur sinatu dute lankidetza protokoloa Eusko Jaurlaritzak eta Errenteriako Udalak. Topoaren ibilbidearen hiri integrazioa hobetzeko asmoz, lankidetza protokoloa sinatu dute gaur Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun jasangarriaren Sailak. Lankidetza protokolo horren helburua, topoaren ibilbidearen hiri integrazioa hobetzea. Izan ere, 2026an Donostialdean topoaren trenbide pasantea martxan jartzeak egoera berria ekarriko du, eta horren aurrean udalerrian dauden azpiegiturak egokitzea dute xede.
Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Altza eta Galtzaraborda arteko lurpeko pasantea martxan jartzeko lanetan egindako aurrerapenak azaldu dizkio Aizpea Otaegi Mitxelena Errenteriako alkateari. ETS Euskal Trenbide Sarea Errenteria-Oreretan garatzen ari den gainerako proiektuen berri ere eman omen dio sailburuak udal agintariari.
Trenbide pasantearekin topoen maiztasuna hobetu egingo da. gaur egungo 15 minututik behingo zerbitzua, 7,5 minutuero izatera pasako da Galtzaraborda, Erdialdea eta Fanderiako geltokietan, “tren konektibitate handiagoa izango dute Gipuzkoako hiriburuarekin eta gainerako sarearekin”.
Lankidetza akordioaren barruan, Galtzarabordako geltokiaren eremuan trenbideak estaltzea zehaztu dute bi erakundeek. herritarrentzat espazio bat sortuko da estaltzearen ondorioz eta tren zerbitzuaren inpaktu akustikoak murriztuko dituzte. Obra horren eraikuntza proiektuaren idazketa martxoan lizitatu zuen ETSk. Alaberga eta Galtzaraborda auzoak lotzeko igogailua eta geltokia zaharberritzea ere jaso dute protokoloan.
Pablo Iglesias eta Gaztaño arteko trenbide pasabidea kendu
Pablo Iglesias hiribidea eta Gaztaño auzoa arteko trenbide pasagunea kentzeko lanak egitea aurreikusi dute protokolo horretan, halaber. Eraikuntza proiektua ETSek esleitu zuen joan den maiatzean.
Funtsezkoa jo du Otaegik “erakundeen arteko lankidetza, Topoak udalerritik igarotzean sortzen dituen inpaktu akustiko eta urbano handiak konpontzeko”. Alkatearentzat, inguruko udalerrietan egindako lanak ikusita, “Errenteriaren unea da, kalitatezko soluzioak inplementatu eta topoaren ingurunea eraldatzeko unea, pertsonentzako espazio publikoa irabazita”.
Zentzu horretan lankidetza protokoloa “mugarritzat” jo du, “irtenbideak Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin landuko baitituzte, kaltetutako eremuetako herritarren iritzia kontuan hartuta”.
Chuecak bere aldetik, “bi aldeko konpromisoa” dela jarri du nabarmen, “nahiz eta Errenteriako hirigintza jarduera bat den, eta ez dakarren irabazirik tren sareko bidaiari kopuruari dagokionez, begi onez ikusten dugu eusko jaurlaritzak ahalegina egitea tradizioz trenbideek markatutako eremuak birsortzeko”. Protokoloko proiektu nagusiak, “herritarren bizi kalitatea hobetu, eta ingurune atseginago bat lortzeko”abian jarri dituela esan du azkenik sailburuak.
Garraio publikoa, mugikortasun iraunkorra, hiri konexioen hobekuntza, eta trenbidearen iragazkortasuna eta hiri integrazioa sustatu nahi dituzte bi aldeek, hala adierazi dute: “Helburu horiek lortzeko, diziplina anitzeko lantaldeak sortuko dira”. protokolo horren barruan ETSk eraikuntza proiektuak diseinatu eta idatziko ditu eta udalaren proposamenak aztertuko ditu; Errenteriako Udalak, berriz, ETSrekin definituko ditu beharrezkoak diren urbanizazio jarduketak, behar diren lurrak emango ditu, eta ETSek egindako proposamenak aztertuko ditu.
Lau urteko indarraldia izango du protokoloak, urtero luzatzeko aukerarekin, eta esku hartzeko guneetan hitzarmen espezifikoak egiteko aukera ematen du, ezarritako helburuak lortzeko elkarrekin lan egiteko.
