Gora Herriak azken txanpan sartu da
Hiru jarduera falta dira soilik kultur hamabostaldiaren VIII. ekitaldia ixteko. Bihar, dekolonizazioaren hitzaldi bat egingo dute, ostiralean bi kontzertu jasoko ditu Meipik eta larunbatean ospatuko dute egun handia.
Gora Herriak jaialdiaren VIII. ekitaldia azken txanpan sartu da. Soilik hiru ekitaldi geratzen dira Bixi-Bixik Donibanen antolatzen duen kultur hamabostaldia ixteko. Aurten Abya Yalara bidaiatu dute sanjuandarrek. Abya Yala Amerikako jatorrizko herriek euren kontinentea izendatzeko darabilten izena da, eta haiei keinu egin diete aurten. Bihar (asteazkena) Cira Crespo historialariak eta Celeste Aguero militante argentinarrak dekolonizazioa izango dute hizpide Kultur Aterpean, 19:00etan. Ostiralean (hilak 6), aldiz, Ingot eta Olloki taldeek kontzertuak egingo dituzte Meipin, 21:30ean.
Gora Herriak-en egun handia hilaren 7koa (larunbata) izango da, Bixi-Bixikoek azken jai handia ondu baitute Meipin. Itxiera ekitaldian Euskal Herriaren eta jatorrizko herrien arteko konexioa Donibanera ekarriko dute. Sanjuandarrak 12:30ean jarriko dira martxan, Santiago plazatik aterako den kalejira batekin. Kalejiran Uztaritzeko Ihauterietako kideak eta Ekuadorko Diablada de Pillaro taldea arituko dira. 13:30ean, Elezaharrak, kantuak eta kontuak ikuskizun ibiltaria egingo dute. 14:30ean, sabelak betetzeko txanda izango da, eta hango sukaldaritza presente izango dute. Arratsaldean, ekitaldi nagusia jasoko du Meipik, 17:00etan. Abya Yalatik hitza zuzenean hartuko dute, txalapartariez, bertsolariez eta Lintxua dantza taldeko kideez lagunduta. 18:00etatik aurrera, musika izango da protagonista. Lehenik eta behin, Kolonbiako Ritmo Forastero taldeak Meipi girotuko du. Ondoren, Uztaritzeko Ihauterien txanda izango da. Haien ondoren, Ekuadorko Diablada de Pillaro taldea izango da protagonista. Azkenik, Hija del Nopal DJak Donibanen bildutakoak dantzan jarriko ditu cumbia, salsa, mambo eta bogaloo doinuekin.
Gora Herriak 2025
Hilak 4
- 19:00: Hitzaldia: Dekolonizazioa herri kolonizatu honetan. Kultur Aterpean.
Hilak 6
- 21:30: Musika: Ingot eta Olloki taldeak. Meipin.
Hilak 7: azken jai handia
- 12:30: Kalejira Santiago plazatik. Uztaritzeko Ihauteriak eta Ekuadroko Diablada de Pillaro.
- 13:30: Elezaharrak, kantuak eta kontuak ikuskizun ibiltaria.
- 14:30: Herri bazkaria Meipin.
- 17:00: Ekitaldi nagusia Meipin.
- 18:00: Kontzertua: Kolonbiako Ritmo Forastero Meipin.
- 18:30: Ustaritzeko Ihauteriak Meipin.
- 19:15: Ekuadorko Diablada de Pillaro Meipin.
- 20:00: Musika: Hija del Nopal DJa.
