Aralarko San Migelgo ate berrituarekin erromesaldia, Albaolatik eta zazpi etapatan
Nafarroako santutegiko atea berritu dute Albaolan teknika tradizional eta berritzaileak erabiliz. Erromesaldian eramango dute berriz ere Aralarrera.
Aralarko atea, Albaolan, eraberritze prozesu betean.Albaola Mundu berri baterako ateak. Izen hori jarri diote Albaolak garatu duen egitasmoari. 2024ko urrian Aralarko San Migel santutegiko (Nafarroa) ateari eraso egin zioten. Horiek konpontzera Albaolara ekarri zituzten; behin eraberrituta, Aralar aldera eramango dute berriz ere, baina era berezian: San Pedroko Albaolatik Aralarrera erromesaldian garraiatuko dituzte, hilaren 9tik 15era, zazpi etapako erromesaldian.
Santutegiak antolatutako ibilbidea irekia izango da, “jai girokoa eta tradizionala”, Albaolatik esan dutenez. Erromesaldia Albaola Itsas Kultur Faktoriaren tailerretik, atearen irteerarekin hasiko da, ekainaren 9ko 09:00etan, San Pedroko eliza zaharrean geldialdi bat eginez. Handik, idi-gurdiz eramango dituzte ateak Astigarragara, eta han oinez hasiko da erromesaldia. Ateak idiek tiratutako gurdi batean garraiatuko dira, Gipuzkoako eta Nafarroako 86 kilometro eta 21 herri zeharkatuz. “Txistulariak, bertsolariak eta herriaren deboziozko adierazpenak izango dira bertan, antzinako erromesaldiak eta lurraldearekiko loturak gogora ekarriz”, zehaztu dute.
Egitasmo zabal eta kolektiboa da Mundu berri baterako ateak. “Konponketa material hutsera mugatu beharrean, proposamena oroimenezko, esker oneko eta eraikuntza sinbolikoko keinu bat da, tolerantzia, errespetua eta auzolana bezalako balioak aldarrikatuz, guztion onuraren zerbitzurako lankidetza desinteresatuaren modu tradizional hori”, zehaztu dute. Erriberako arotzeriako eta Sakanako haritz-zurgintzako teknika tradizionalak erabiliz eraberritu dute bortxaz hautsitako atea, “pieza fisiko bat ez ezik, historiaz eta zentzuz betetako egiteko modu bat ere berreskuratu dugu”. Alta, teknologiak ee lagundu du prozesuan, Virtualan enpresa nafarrak 3Dn digitalizatu zuelako jatorrizko atea, haren kontserbazioa ziurtatuz eta egungo formatuetan zabaltzea erraztuz. “Horrela, tradizioa etorkizunerantz proiektatzen da, bere sakontasuna eta benetakotasuna bermatuz”.
Erromesaldiari dagokionez, honakoak dira zazpi etapak, laburrean. Informazio zehatzagoa behar dutenek balia dezatela esteka hau.
- Lehen etapa (15 km – ekainak 9): Astigarraga – Villabona. Albaolatik 09:00etan aterako da atea, idiekin. Segizioa Astigarragatik (10:00), Hernanitik (10:50), Urnietatik (11:30), Andoaindik (13:40), Sorabillatik (14:10)eta Villabonatik (15:00) igaroko da.
- Bigarren etapa (6 km – ekainak 10): Villabona – Tolosa. Etaparik laburrena izango da, Villabonatik (09:00), Anoetatik (09:50) eta Tolosatik (10:40) igarota.
- Hirugarren etapa (19 km – ekainak 11): Tolosa – Lazkao. Aurreko eguneko atsedenaren ondoren, ibilbide luzeena duen bideari ekingo zaio berriro. Kasu honetan, Tolosa (09:00), Alegia (10:15), Ikaztegieta (10:50), Legorreta (11:40), Ordizia (12:50) eta Lazkao (13:40) herriak sartuko dira.
- Laugarren etapa (9,7 km – ekainak 12): Lazkao – San Gregorio. Lazkao (09:00), Ataun (09:45, ordu erdiko geldialdia herrian) eta San Gregorio (11:20) zeharkatuko ditugu.
- Bosgarren etapa (16,9 km – ekainak 13): Lizarrusti gaina – Etxarri Aranaz. Nafarroan sartzeko eguna Lizarrusti gainetik abiatuko da (11:30), eta Etxarri Aranatzera iritsiko da (14:00).
- Seigarren etapa (9,2 km – ekainak 14): Etxarri-Aranaz – Uharte-Arakil. Sakanako hainbat herri bisitatuko dira, hala nola Etxarri-Aranatz (09:00), Arbizu (09:45), Lakuntza(10:15), Arruazu (11:00) eta, azkenik, Uharte-Arakil (12:00).
- Zazpigarren etapa (10,7 km – ekainak 15): Uharte Arakil – Santutegia. Azken eguna Santutegira NA-2410 errepidetik iristea izango da. Irteera 09:00etan izango da.
