Altamirak ez du ur zikinik isuriko badiara
Lezoko Udalak eta Añarbek hitzarmena sinatu dute gaur. Altamirako saneamendu sistema berritzeaz gain, beste hainbat lan egingo dituzte herrian.
Añarbeko Martin Ibabe eta Mikel Arruti alkatea, gaur, hitzarmena sinatzen. Lezoko Udalak eta Añarbeko Urak erakundeak hitzarmen garrantzitsua sinatu dute gaur. Bertan jasota dauden asmoen artetik nabarmenena Altamira auzoari dagokio: orain arte euri urak eta ur zikinak bereizi gabe isurtzen ziren badiara; hitzarmenaren barruan jasota dagoen konpromisoari esker, auzoko saneamendu sistema erabat berritu, eta ur zikin horiek Loiolako araztegira eramango dituzte, han tratatu, eta itsasora garbi isurtzeko. Horrez gain, beste hainbat lanketa egingo dira herrian saneamenduari dagozkionak: osotara, ia bost milioi euroko aurrekontua dute horiek guztiek. Altamirako obrarako milioi bat bideratuko dute. Lan guztien kostuaren zatirik handiena Añarbek hartuko du beregain (4,5 milioi euro), eta udalak 409.551 euroko inbertsioa egingo du.
Bi aldeak pozik gaurko sinadura ekitaldian. Udala Mikel Arruti alkateak ordezkatu du, eta Añarberen izenean bertako presidente Martin Ibabe izan da. Biek ala biek erakundeen arteko elkarlana eta konpromisoa goretsi dituzte, eta gaurkotik aurrera horretan segitzeko asmoa azaldu dute. Hitzarmena testuinguruan jartzeko argibideak eman ditu Arrutik: “2022an udalak eta Añarbek hitzarmena sinatu zuten. Horren gehigarria da gaur sinatu duguna. 2022ko hartan Lezoren izenean zeuden goi hornidurako sistema batzuk Añarberi transferitu zitzaizkion, eta Añarbek hainbat inbertsio egiteko konpromisoa hartu zuen. Ikusi da hitzarmen hartan azaltzen zirenetako jarduketa batzuk alternatibak behar zituztela. Hori da adostu eta gaur sinatu duguna”.
Gaurkoan hamar lan edo inbertsio egitea hitzartu dute. “Ondo baloratzen ditugu egin beharreko horiek. Pozik gaude”, esan du alkateak: “Inbertsio horiekin, ur horniduraren gaineko lan orokorrak egiteaz gain, Altamirako jarduketa dago. Auzoa sortu zenetik euri urak eta ur zikinak nahasturik isuri ditugu badiara. Hitzarmenean jasotzen den inbertsioaren bitartez saneamendu sare berri bat egingo dugu auzoan. Arazo hori konponduko dugu behingoz”. Alkateak eskertu egin ditu Añarbek mahairen gainean jarritako konpromisoa eta lan teknikoa. “Herritarrak izango dira onuradun nagusiak”, adierazi du.
Altamirakoaz gainera, udalerrian hainbat lan egingo dira hornidura azpiegiturak hobetzeko, handitzeko eta birgaitzeko; eta hiriginetik kanpo dauden eta Jaizkibelgo hartuneenatik ura jasotzen jarraitzen duten eremuetako ur hornidura indartzeko. Hala, lan horiek eginda, ia udalerri osoa Añarberen sisteman sartzea ahalbidetuko da, eta gainera, Jaizkibelen suteen aurkako babes sistema indartu, eta indarrean den araudiaren araberako kalitatea izango du herriko urak. Baliabide naturalak ere babestuko direla zehaztu dute gaur “inguruko iturburuen presioa murriztuz”. Herrian egin beharreko bestelako lan horien kostua ia lau milioi eurokoa da, eta behin proiektuak idatzita daudenean, hamar hilabetekoa izango da horiek gauzatzeko epea.
Xehetasunak
Añarbeko Ibabe ere pozik. “Obra sorta honek oso ondo adierazten du gure xedea: udalerri guztiei kalitatezko zerbitzuak ematea, haien tamaina edo kokapena edozein izanda ere, eta ahaleginak elkartuz”. Hitzarmenaren barruko bi helburu estrategikoetan sakondu du Ibabek (Altamariko lanak, eta udalerri osoari dagozkienak). Aipatu du Altamirako saneamendu sare bereizia izanen dela, eta 570 metroko kolektore nagusi bat egingo dutela. Gainera, auzoko biztanleei zerbitzu emateaz gain (500 bat lezoar bizi dira han), Altzate igerilekuarentzat eta Lezo Institutuarentzat ere onuragarri izango dela zehaztu du, “uraren tratamendu hobea egin ahal izango da toki horietan guztietan”.
Bestelako inbertsioei dagokienez, Añarbekoak esan du herriko ia ur hornidura sistema osoa eraberrituko dela, eta besteak beste, Darietako, Ameztiko eta Elortegiko deposituak berrituko direla hodi berriak ezarriz. 103. poligonoko sarea ere berrituko da. “Hitzarmenaren barruko lanek ahalegin ekonomiko eta tekniko handia eskatzen dute. Ia bost milioi euroko inbertsioa aurreikusi dugu, horietatik 4,5 Añarberen kontura direlarik. Argi dugu hori dela mankomunitate baten helburua, eta egin beharreko bidea dela. Gure eta udalaren konpromiso sendoak ahalbidetu du hitzarmen honek aurrera egitea. Lezok hobekuntza nabarmenak izango ditu”.
