Martxan da olerki lehiaketaren XXIII.a
Pasaiako Udalak abiatu du jada Xabier Portugal-Altamira Puente Pasaia Hiria Olerki lehiaketa. Lanak uztailaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Pasaiako Udalak abiatu du jada Xabier Portugal-Altamira Puente Pasaia Hiria Olerki lehiaketaren XXIII. ekitaldia. Lehiaketaren helburua da literatura eta poesia balioestea eta herritarrei zabaltzen laguntzea. Lanak aurkez daitezke dagoeneko, eta uztailaren 17ra arte bidali ahal izango dira. Olerki lehiaketaren barruan, bi modalitate daude: Xabier Portugal Pasaia Hiria euskarazko lanentzako eta Pasaia Hiria Altamira Puente gaztelaniazko obrentzako.
Sariketan parte hartzeko, beharrezkoa da adin nagusikoa izatea. Horrez gain, aurkeztutako obrak originalak eta argitaragabeak izan beharko dira. Gaia librea izango da, eta gutxienez 200 bertso sartu beharko dituzte sortzaileek.
Udalak bi sari ekonomiko banatuko ditu modalitate bakoitzean; hau da, lau sari emango ditu guztira. Lehenengo sailkatuak 1.200 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, 600 euro. Saritutako lanak, gainera, aurreko ekitaldietan bezala, argitaratu egingo ditu udalak, olerki liburuek jasotzen dituzten bildumarekin jarraitzeko. Aurkeztutako obrak epaimahai batek baloratuko ditu.
Lanak uztailaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira, Pasaiako Udalaren sarrera erregistroaren bidez. Horretarako bide hauek erabil daitezke: Erregistro elektronikoa, HAZ bulegoak edo posta arruntez postetxean, administrazio posta bidez (Pasaiako Udala. Donibane kalea, 19-20110 Pasaiara zuzenduta).
Lehiaketaren oinarriak Pasaiako Udalaren webgunean kontsulta daitezke.
