Uholde arriskuari aurrea hartzea helburu
Udala, Azti eta Euskalmet uholde arriskuari aurrea hartzeko proiektu bat lantzen hasi dira. Udalak herritarrei dei egin die, informazioa bidal dezaten.
Pasaiako Udala, Azti eta Euskalmet uholde arriskuari aurrea hartzeko proiektu bat lantzen hasi dira. Zehazki, itsas jatorriko uholdeen arriskuaren alerta adierazle baten diseinuan ari dira lanean. Udalak, Klima eta Energia Planaren bidez, aldaketa klimatikora egokitzeko aurreikusten dituen ekintzen artean kokatu du uholdeen proiektua. Iniziatibaren helburua da Pasaiarako egokituko den adierazle bat diseinatzea, itsas jatorriko uholdea aurreikusten denean, herritarrak garaiz abisatzeko autobabes neurriak har ditzaten eta udalak prebentzio neurriak hartzeko.
Proiektuaren lehen fasean orain arte izan diren itsas jatorriko uholdeen inguruko ahalik eta informazio gehiena eta zehatzena jasotzea da udalaren asmoa. Hori dela eta, herritarrei dei egin diete informazioa bidal dezaten. Honakoa adierazi du Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziak: “Udalaren esku dauden iturrietako informazio datu guztiak aztertu ditugu dagoeneko, baina informazioa ahalik eta gehien osatzeko, herritarren laguntza eskatu nahi dugu. Ziur gaude marea biziak eta uholde arriskuak egon direneko bideoak, argazkiak eta abar badituztela bizilagunek eta, mesedez, bidaltzeko eskatu nahi diegu, horietatik ere informazio oso baliagarria lor dezakegulako”.
Informazioa bidaltzeko, WhatsApp zenbaki bat ahalbidetu udalak, hilaren 23ra arte: 943 34 42 24. Bideoak eta argazkiak posta elektroniko bidez ere bidal daitezkeela adierazi du udal erakundeak. Datuak osatuta, horien azterketa sakona egingo dute Aztik eta Euskalmetek. Itsas uholdeen monitorizazioa egin ondoren, Pasaiari egokitutako adierazle bat diseinatuko dute eta horren komunikazio protokoloa ere zehaztuko da.
