Arau hausteek behera egin badute ere, gehiago izan dira sexu askatasunaren aurkako delituak
2024ko segurtasun txostena argitaratu dute eta Errenteriako egoeraren azterketa egin du Segurtasun Mahaiak. Arau hauste penalen kopuruak behera egin badu ere, gora egin dute tortura eta osotasunaren, eta sexu askatasunaren aurkakoek.
Segurtasun Mahaiak bilera egin du.Herri Bizia Euskadiko segurtasun publikoaren egoerari buruzko 2024ko txostena argitaratu dutela eta, Errenteria-Oreretarekin lotutako datuen azterketa egiteko bilera egin du Errenteriako segurtasun Mahaiak. Datu orokorra, positiboa: behera egin dute arau hausteek udalerrian ia hiru puntuan, %2,94 zehazki, 2023arekin alderatuta.
Txanpon horren ifrentzua baina ilunagoa da. Gora egin dute, tortura eta osotasunaren aurkako arau hausteek —%46,3 igo dira— baita sexu askatasunaren kontrako delituek ere —%27,78—. Kezkagarritzat jo du Segurtasun Mahaiak azken datu hori.
Ondarea eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituek %4,21 egin dute behera, eta gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretek %26,88 egin dute behera. Ziberdelituek edo delitu informatikoek 576 izatetik 553 izatera pasa ziren iaz, %3,99 jaitsita.
1.000 biztanleko delitu tasari erreparatuta zertxobait egin du behera: 2023an 58,96koa zen eta iaz 57,05ekoa izan zen. Gipuzkoakoa 60,08 delitukoa da 1.000 biztanleko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa 63,31, udalerrikoa baxuagoa da, beraz.
