Bidaia agentziaren aurrean elkarretaratu dira iruzur egin dietela salatzeko
Ordaindu ondoren, bidaia eta dirurik gabe gelditu dira 60 bat lagun. Kaltetuak atzo elkarretaratu ziren dagoeneko itxita dagoen agentziaren aurrean. Bertako arduradunaren kontra salaketa jarri dute hainbatek.
Atzoko elkarretaratzearen irudi bat.Martin Sansinenea Haserre. Hala atera dira kalera hainbat herritar. Aurretik bidaiak ordainduta bazituzten ere, bidaia eta dirurik gabe gelditu dira momentuz. Errenteria-Oreretako Pablo Iglesias kalean zegoen iruzur egin dien bidaia agentzia ateak itxi ditu, eta azalpen eske ari dira kaltetuak.
Hainbat kaltetuk bidaia agentziaren arduradunaren kontra salaketa jarri dute dagoeneko ertzain etxean iruzur egitea egotzita. Beste batzuk ere egingo dutela esan dute. Zabaldu den informazioaren arabera iazko abuztutik hona 60 pertsona izan dira kaltetuak, eta diru kopuru bat ere zabaldu dute kaltetuek: 50.000 euro.
Bidaia agentziak kaltetutako herritarrak hartzeko Kontsumo Bulegoa eskuragarri dagoela gogorarazi du udalak, “egin beharreko tramite eta pausuen inguruan informazioa emateko”. Bulegoa zabalik izaten da astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara Madalen kaleko 3. zenbakian. Bertaratu ezin dutenek, 943 51 01 11 telefono zenbakia dute eskura, baita posta elektronikoa ere (klik hemen).
Kaltetuen kexak jasotzearekin batera, bulego horretan hitzorduak emango dizkiete kasu bakoitza aztertu eta argibideak emateko. Atzoko bileran izan ziren udal ordezkariak, informazioa lehen eskutik jaso eta udalaren laguntza eta baliabideak eskaintzeko kaltetuei ahal den neurrian.
