Galtzarabordako ingurunea estaltzeko proiektuaren erredakzioa lizitaziora atera izana begi onez ikusi du udalak
Aizpea Otaegi alkateak adierazi du "Berri garrantzitsua" dela Errenteriarentzat eta bereziki Galtzaraborda eta Alabergako auzotarrentzat, "Topoak eragindako lubakia zubi bihurtuko delako proiektu honen bidez".
Galtzarabordako topoaren obra. Argazkia: Herri bizia “Berri garrantzitsua da Errenteriarentzat eta bereziki Galtzaraborda eta Alabergako auzotarrentzat, Topoak eragindako lubakia zubi bihurtuko delako proiektu honen bidez” adierazi du Aizpea Otaegi alkateak. Aste honetan eman du jakitera Euskal Trenbide Sareak dagoeneko lizitatu duela Galtzarabordako ingurunea estaltzeko proiektuaren erredakzioa. Hain justu, esku hartze hau, aurreko astelehenean bi erakundeek izenpetutako lankidetza protokoloan jasota zegoen, eta beraz, dagoeneko hasi dira lankidetza marko horren lehen emaitzak ikusten.
Orain, protokoloan jaso bezala, proiektuaren erredakzio fasean Udalak bere ekarpenak eta proposamenak helaraziko dizkiola ETSri ingurune horri eman beharreko soluzioa hobetu eta aberasteko gogorazi du. Hori horrela, irtenbide horri begirako hainbat proposamen egin zituztela duela zenbait aste Galtzarabordako auzo elkarteko ordezkariek, ETSko eta Udaleko ordezkariekin udaletxean bertan egindako bileran jakinarazi du tokiko erakundeak, “proposamen horien artean zeuden ingurune guztia estaltzea, Topoaren geltokia goiko auzotarrentzako eskuragarriagoa izan dadin igogailu berri bat eraikitzea edota Topoaren tunel zaharra baliatuta Pasaiara arteko bide gorria eraikitzea”.
Auzotarrek egindako proposamen horiek jasotzen dituela aurreko astean Errenteriako Udaleko EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EAJ eta Alderdi Popularrak publikoki aurkeztu zuten Bide Berria proposamenak. Aurreko astean hiru batzar ireki egin zituen udalak, Fanderia, erdialdea eta Gaztañon herritarren iritziak jasotzeko.
Gaur ere egingo du batzar irekia proposamena aurkezteko. Galtzarabordako jubilatuen etxean izango da 18:00etan hasita.
Herritarren iritzi eta ekarpenak jasota, proposamena osatu eta alderdien artean adostuta, Eusko Jaurlaritzarekin negoziaziorako tartea zabalduko duela azaldu du udalak, lankidetza protokoloaren baitan.
