Igoera Pasaiako birziklapen tasen datuetan
Urtebetean udalerriko birziklapen tasa 5,5 puntutan igo da. 'Etorkizuna birziklatzen' kanpainak Pasaian inpaktu positiboa izan duela adierazi du udalak.
Pasaiako Udalak tinko jarraitzen du udalerrian hiri hondakin solidoen gaikako bilketaren inguruan jauzi egiteko apustuan. Iazko gaikako bilketaren Pasaiako datuak kezkagarriak izan ziren, soilik %48an kokatu baitzen zenbateko hori, Europako Zuzentratuak eta Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralak zehazten dituzten helburuetatik urrun. Hori dela eta, esparru horretan urratsak egiteko beharra ikusi zuen udalak.
Datu horiek iraultzeko, udal erakundeak bi iniziatiba abiatu zituen 2024an. Alde batetik, hondakinak biltzeko sistema hobetzeko prozesua hasi zen, eta, besteak beste, bost hiri garbigune sortzea proiektatu eta informazio kanpaina indartsu bat diseinatu ziren, herritarrei hondakinak jatorrian bereizten laguntzeko eta kontzientziatzeko. Bestalde, etxeko eta merkataritzako hondakinei buruzko udal ordenantza eguneratu zen, eta berriki onartu da hondakinen udal plana.
“Pasaiak beheranzko joera zekarren etxeko hondakinen bereizketari dagokionez, legeak ezartzen dituen helburuak lortzetik oso urrun. Udaletik premiaz esku hartzeko beharra ikusi genuen”, adierazi du Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziak. Bide horretan, Pasaiako Udalak Etorkizuna birziklatzen kanpaina abiatu zuen urtarrila hasieran, apirilaren 11ra arte egin zena. “Eskura genituen tresna guztiak erabili ditugu kanpaina honek herritarrengan eragin positiboa izan zezan, eta lortu ditugun lehen emaitzak oso positiboak dira”, baietsi du Pazosek.
Abiatutako informazio kanpainaren asmo nagusia Pasaiako herritar guztiak eta saltokiak informatzea eta sentsibilizatzea izan dela nabarmendu du Ingurumen zinegotziak: “Guztion artean hondakinen gaikako bilketa sistemaren legedian ezarritako helburuak bete ditzagun. Premiazkoa eta beharrezkoa da”.
Bisitak
Sei ingurumen hezitzailek Pasaiako 7.520 etxebizitza eta 500 merkataritza establezimendu bisitatu dituzte. Bisita horien erantzuna “oso ona” izan dela jakinarazi du udalak, San Pedroko etxebizitzen %41era eta Antxoko, Donibaneko eta Trintxerpeko %50era zuzenean iritsi baitziren hezitzaileak. Etxean inor ez zegoen kasuetan, baldintza egokiak betetzen baziren, materiala ate aurrean utzi zen, kanpainaren garapenari buruzko azalpen ohar batekin batera. Horiei hezitzaileekin harremanetan jartzea eskatu zitzaien.
Bisita horietan, kanpainaren muina eta helburuak azaltzeaz gain, birziklatze materialen sorta bana utzi zen etxeetan eta komertzioetan: organikoarentzako kubo bat, poltsa sorta bat, birziklatze gida eta iman bat.
Puntu finkoak eta ibiltariak
Kanpainan zehar bi puntu finko egon dira Pasaian herritarren eskura: bata Trintxerpeko Gudari plazan eta bestea Antxoko Biteri plazan. Horiez gain, informazio gune ibiltariak ere aktibatu dituzte. Horietara 1.731 pertsona bertaratu direla jakinarazi du Pazosek: “Horrenbestez, baliabide ezin hobea izan dira pertsona askoren zalantzak argitzeko”.
Lehen emaitzak, “oso positiboak”
Apirilean bildutako datuek esperantzarako ate bat ireki dute, Pasaiako birziklapen tasa %51,4an kokatu baita. 2024ko apirileko datuekin alderatuta, urtebetean 5,5 puntuko igoera izan da, eta hori Etorkizuna birziklatzen kanpainari esker izan da.
Hurrengo urratsak
Informazio kanpaina, ordenantza berriaren onarpena eta udal hondakinen plana sistema hobetzeko eta herritarrei informazioa emateko prozesu luze baten lehen urratsa izan direla nabarmendu du udalak, hondakinei buruzko araudian ezarritako birziklatze helburuak lortzeko.
Hurrengo urratsa hondakinak biltzeko sistema hobetzen jarraitzea dela aurreratu du udalak. Nahiz eta herritarren aldetik hautemangarria ez izan, etorkizunean birziklatze tasan urrats kuantitatibo bat lortzea ahalbidetuko duela adierazi du udal erakundeak, herritarren lankidetzarekin eta prestasunarekin.
Informazio kanpainan zehar herritarrek interes handia izan dutela jakinarazi du Pazosek: “Eskerrak eman behar dizkiegu herritarrei haien laguntzagatik, baina ez dugu ahaztu behar legediak guztiok behartzen gaituela hondakinen bereizketan arduratsuak eta saiatuak izatera, eta, horrela, pixkanaka, planteatzen zaizkigun birziklatze helburuak lortu ahal izateko. Barne mailan sistemaren hobekuntzarekin bukatzen dugunean, kanpainaren logotipoa duen behin betiko txartela bidaliko diegu etxebizitza eta saltoki guztiei. Txartel horrek edukiontzi marroia eta, etorkizunean, grisa irekitzeko balioko du. Prozesua uste baino luzeagoa izaten ari da, baina herritarrei lasaitasuna helarazi nahi diegu, urrats bakoitza bere garaian ezagutaraziko baitugu”.
