Geltoki berriaren erraietara jaitsi dira Antxoko eragileak
Antxoko eragileek topoaren lur azpiko geltoki berriaren xehetasunak jaso zituzten atzo, bisita gidatuan.
Atzoko bisitan izan zirenen talde argazkia. Antxoko elkarte eta eragileetako kideek topoaren geltoki berriaren lanetara bisita gidatua egin zuten atzo. Lur azaletik irudikatzea zail den horri forma eman zioten. Jendetsua izan zen bisita, barrutian den jakin-mina handia baita. Eusko Trenbide Sareko (ETS) kideek eman zizkieten azalpenak herritarrei.
Beharrezko kasko eta petoa jarrita egin zuten barrutiko barrunbeetara bisita antxotarrek. Adi-adi entzun zituzten teknikarien azalpenak, izaera oso teknikokoak eta zehaztasunez beteak. Azalpenen artean ETSko kideek adierazi zuten denbora epez ondo dabiltzala, lanak esperotako datan bukatuko dituztela. Gainera, herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten, zalantzak uxatzeko baliagarri izan zen bisitaldia, beraz. Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da 2026an Gure Zumardiko lur azpiko topoaren geltokia bukatu eta zerbitzua martxan denean, egungo ibilbidearen zubibidea eraistea.
Gaur, topoko lanen inguruko beste kapitulu bat idatziko da. Izan ere, Gure Zumardiaren itxura berritua zer nolakoa izango den aurkeztuko du udalak batzar irekian, 19:00etan, San Fermin elizan. Gure Zumardiaren diseinua erabakitzeko parte hartze zabaleko prozesua abiatu zuen udalak 2024aren urte bukaeran, antxotarrek plaza berrirako “zer nahi eta behar zuten zehazteko”. Elkarte nahiz norbanakoen ekarpenak jaso zituzten, eta proposamena Euskal Trenbide Sareari helarazi zioten, hark baitu obra gauzatzearen ardura. Gaur diseinu horren aurkezpena egingo dute.
