Antxoren bihotz berria aurkeztu dute
Atzo aurkeztu duten San Fermin elizan Gure Zumardia berrirako herritarren parte hartze bidez adostu den proiektua.
San Fermin elizako eserlekuetan toki gutxi atzoko aurkezpenean. Atzo aurkeztu zuen udal gobernu taldeak Antxoko Gure Zumardiak izango duen itxura berria. Topoko lur azpiko geltokiaren lanengatik hilabete askoz hesi artean eta biluzik izan ondoren, herritarren parte hartzetik mamitutako egitasmoaren emaitzaren berri eman zuten atzo antxotarrez bete zen San Fermin elizan. Inportantea baita Gure Zumardia: Antxoren erdigune soziala da, bai biltzeko, harremanak egiteko, aisia tarteak baliatzeko, barrutia alde batetik bestera zeharkatzeko, ospakizunetarako, edo besterik gabe, egoteko. Antxoko bihotza.

Mikel Garcia, Gorka Segurola eta Laura Ré, atzoko batzarrean.
Landutako diseinuaren berri emateaz gainera, hainbat xehetasun eman zituzten gobernukideek eta egitasmoaren arduradun tekniko izan diren Juntura kooperatibako kideek. Izan ere, atzo aurkeztutakoak antxotarren desioen zati handi bat du barruan, eta Mikel Garcia Antxoko alkateordeak adierazi bezala, Eusko Trenbide Sarearen (ETS) oniritzia du proiektuak. Herritarrek euren desio eta nahiak iazko urri-abendu artean egin zen parte hartze prozesuan bildu ziren, Laura Ré zinegotziak eman zituen prozesu horren gaineko xehetasunak; ideia, desio eta nahi horiek denak ETSrekin kontrastatu, eta atzokoa behin betikotik oso hurbil izan daitekeen Gure Zumardiaren aurkezpena izan zen. Hau da, xehetasun txikiez aparte (plazan izango diren eserlekuak eta bestelakoak), atzo aurkeztu zena izango da “Antxo berriaren” banderetako bat, Garciak esan bezala. Prozesua luze joan dela adierazi zuen alkateordeak, nahi baino luzeago. Baina mantso joan den bidean alde guztien adostasuna lortze aldera jardunak halakoa behar zuela izan azaldu zuen.
Epeak. Horien berri ere eman zuen Mikel Garciak. Haren arabera, atzo aurkeztutako proiektua planoetatik errealitatera behin betiko 2025ko abendu eta 2026ko otsail artean pasatuko da; ondoren hasiko ditu ETSk geltoki eta trazatu berrian probak, eta asmoa da 2026ko erdialdea ez asko pasatuta izatea martxan geltoki berria.
Proiektua
Irisgarriagoa, erakargarriagoa, sinbolikoagoa eta anitzagoa. Horrelakoa izango da Gure Zumardi berria. Hala definitu zuen Juntura kooperatibako Gorka Segurola Dorronsorok zabalgune berriak izango duen izaera. Ondoko irudia da proposamenaren plano orokorra.

Irisgarriagoa, pertsona guztiek aukera izango dutelako oztoporik gabe plaza bere egiteko kotak berdinduz. Aldi berean plazaren Hamarretxeta-Gelasio Aranburu zatiaren alboetan (Azoka zaharra zegoenekoa) egun diren errepideak oinezkoentzako izango dira. Gainera, plaza bitan zatitzen duen Hamarretxeta kaleari izaera peatonala emango diote nahiz eta ibilgailuek handik pasatzeko aukera izango duten, baina egun baino muga handiagoekin. Eremuen araberako zoladura bereizgarriak izango ditu Gure Zumardiko zati bakoitzak.
Erakargarriagoa, berdeguneak, zuhaitz eremuak, egoteko eta biltzeko espazioak, haur parkea, gune estaliak izango dituelako besteak beste. Antxotarren bilgune denak kolore berdeagoa izango du. Izan ere, Azoka zaharra zeneko plazaren zatian zuhaitz eta berdegune espazioak nabarmenduko dira, eta Hamarretxeta-Eskalantegi zatiko aldean zuhaitz perimetroa bai, baina erdigunean zabalgunea mantenduko da (elizako arkupeek ere bertan segiko dute) barrutiko ospakizunen gune izan dadin, besteak beste. Komun publikoak arkupeetako alde batetik bestera (elizaren atariaren ondora) mugituko dituzte.
Aniztasuna bermatuko du. Adin tarte guztietako antxotarrek bere tokia izango dute plazan, hala behar duelako izan. Haur, gazte eta heldu, denen erabilerarako espazio komun eta bereiziak izango dira.
Sinbolikotasunean ere irabaziko du plazak. Gure Zumardia Antxoren ikur da. Itxura berrituarekin are gehiago indartu nahi dute zentraltasun izaera, baina betiere Antxo berria izango denaren osagarri modura. Izan ere, Mikel Garciak aipatu bezala, Antxo berri hori ez baita mugatuko topoarekin lotura duten lanen ondorioetara (lur azpiko geltoki berria, Gure Zumardi berritua, zubibidearen eraisketa…): Ibaiondo parkearen zabaltzea, Adifen geltokiaren eraberritzean barrutiak irabaziko dituen espazioak, Luzuriaga proiektua, edo Luzuriaga II egitasmoa (egun aparkaleku handia dagoen eremua; han lur azpiko aparkalekua, babespeko etxebizitzak eta anbulatorio berria egingo dira) jarri zituen Garciak barrutiaren biziberritzearen adibide bezala.
