Autobus publikoek geltoki berriak izango dituzte Gaintxurizketan
Hondarribirako noranzkokoa Muebles Rey saltokiaren parean jarriko dute, eta Donostiaranzkoa Euskotreneko geltokiaren ondoan.
Auzotarrak, eta aldundiko nahiz udaleko ordezkariak, gaur Gaintxurizketan. Gaintxurizketako bizilagunen eskaeretako bat bete da. Gaur eman dute horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalak, eta auzotarrek. Ekialdebusen autobusen geltoki berriak jarriko dituzte Gi-636 errepidean, biak ala biak egiten ari diren pasabidetik oso hurbil; oroitarazi behar da Gi-363 errepidea goitik pasatzeko behin-behineko oinezkoen pasabidea egiten ari direla egun, ondorenean behin betikoa egin arte. Bada, geltoki berri horiek Euskotrenen geltokiaren ondoan (Donostiaranzko norabidean joateko) eta Muebles Rey saltokiaren parean (Hondarribiaranzko norakoan) jarriko dituzte. Horrela, Gaintxurizketako bizilagunek zein han lan egiten dutenek ez dute bi kilometroko bidea egin beharko autobus geltokietara iristeko.
Azahara Dominguez aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatuak adierazi du behin-behineko pasabidea eraiki ondoren izango direla indarrean geltokiak. “Gaintxurizketan jarriko ditugun geltoki berriekin, urrats kualitatibo handia emango dugu herritarrek Lurraldebuseko zerbitzuetara jo ahal izan dezaten, intermodalitatea erraztuz, kasu honetan Euskotrenekin”. Eskerrak eman dizkie bizilagunei, “beren jarrera laguntzaileagatik eta gure bide-sareko puntu honen segurtasuna hobetzeko erakutsi duten inplikazioagatik”.
Mikel Arruti alkateak, bere aldetik, denbora luzez kateatuta egon den gai bati irteera eman zaiola nabarmendu du. “Orain arte Gaintxurizketako bizilagun guztientzat autobus geltoki bakarrak biribilgunearen inguruan egon dira. Gune deserosoa da, bai irisgarritasun bai eta segurtasun aldetik. Geltoki berriekin irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeaz gain, segurtasuna bermatuko zaie Gaintxurizketan bizi diren eta lan egiten duten pertsonei”.
Bertako bizilagun Asensio Viañak ere eman du bere iritzia. Ados azaldu da geltoki berriekin: “Eskertzen dugu Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak egindako lana, geraleku berri hauek izatea ahalbidetzeagatik. Alde batetik, kokapenarekin ados gaude, autobus zerbitzua hobetzeaz gain, Euskotrenekin konektatzeko aukera ematen baitigu, intermodalitatea sustatuz, eta hori oso beharrezkoa da inguruko herritarrentzat”. Alta, lanen jarraipen zehatza egiten ari direla zehaztu du, “hurbiletik jarraituko ditugu bai behin-behineko pasabidea martxan jartzeko azken obrak, bai eta behin betiko pasabidearenak, mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasun-eskakizunak bete beharko baititu”.
