Galtzarabordako trenbidea estaltzeko lanen esleipenarekin pozik azaldu da PSE-EE
Esleipena "urrats garrantzitsua" dela eta urte luzetako "isilpeko lanaren" emaitza adierazi du PSE-EEk.
Galtzarabordako lanen irudi bat.PSE-EE Galtzarabordako topoaren trenbidea estaltzeko lanak esleitu direlako pozik azaldu da alderdi sozialista. Esleipena “urrats garrantzitsua” dela eta urte luzetako “isilpeko lanaren” emaitza adierazi du PSE-EEk: “Zehazki, esleitu dena, Altzako tunela eta Galtzarabordako geltokia lotzen dituen trenbide zatia nola estali definituko duen proiektuaren idazketa da esleitu duena Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun sailak. Esku hartze horren bidez, zarata eta inpaktu bisuala gutxitu, eta Alaberga eta Galtzaraborda auzoko beheko aldearen lotura hobetuko da hiru ingurune atseginago eta irisgarriagoa lortuz”.
Gaztañoko trenbidearen pasabidea ezabatzeko proiektuaren idazketa esleitu du, halaber, Mugikortasun Jasangarrirako sailak. Pasabide hori arriskutsua dela esan dute sozialistek, eta arrisku hori areagotu egingo dela trenen maiztasuna ugaritzearekin, “hori horrela, ezinbestekoa da ezabatzea Errenterian mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko”.
Sozialistena “lan serioa eta zorrotza” dela esan dute, bestalde, eta orain arteko ildo beretik mintzatu da EH Bilduri erreferentzia egiterakoan, “propaganda egitera mugatzen da”. EH Bilduk, Elkarrekin Podemos, EAJ eta PPk babestu duten Bide Berria proposamenarekin lotuta egin dituzte adierazpen horiek sozialistek, “hamarkada luzeko paralisia keaz estali nahi du EH Bilduk”.
