"Jendea atxilotzen hasi dira, baina ongi gaude, antolatzaileek erabakitzen dutenaren zain"
Rafahrako martxan parte hartzen ari da Maite Gartzia Ontiveros errenteriarra. Bihar zen martxa Kairotik Rafahra abiatzekoa, baina ekintzaileak atxilotzen hasi da bart Egiptoko polizia.
Maite Gartzia Ontiveros Kairon dago Rafahrako Martxan parte hartzeko. Rafahrako martxan parte hartzen ari da Maite Gartzia Ontiveros errenteriarra. Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiaren albokoa da, eta Kultura zinegotzia Errenteriako Udalean. Martza horretan 50 nazioko herritarrek parte hartzea aurreikusia zegoen, tartean Euskal Herriko ordezkaritza batek. Helburua, Israeli presio egitea, Gazara laguntza humanitarioa sartzea baimendu dezan Rafahko pasabidetik. Atzo goizean abiatu zen Kairora (Egipto) Gartzia eta arratsaldean iritsi. Bihar zen martxa Kairotik Rafahra abiatzekoa, baina ekintzaileak atxilotzen hasi zen atzo gauean Egiptoko polizia.
Gartziarekin hitz egin du gaur HITZAk. Arazorik gabe egin zuela bidaia esan du, “bakarrik etorri nintzen hegaldian eta aireportutik hotelera joateko taxia hartu inolako arazorik gabe. Geroago etorri ziren lau lagunetik bi aireportuan gelditu ziren poliziak bertan atxikita”.
Une honetan martxaren antolatzaileek hartzen duten erabakiaren zain dira ekintzaileak, eta bien bitartean hoteleko gelatik irten gabe daudela azaldu du Gartziak: “Gurera ez da momentuz behintzat polizia etorri, baina jakin badakigu beste hoteletara sartu eta jendea atxilotuta eramaten ari direla. Urduri gaude, ezin da hori ukatu, atxiloketak lasaiak izaten ari badira ere, jendea komisaldegietara eramaten ari delako polizia”. Puntu horretan lasaitasunerako deia zabaldu nahi izan du Gartziak, batez ere bertan direnei familiei begira: “Atxilotuta baina jendea ongi dago, ez dira bortizkeriaz egindako atxiloketak izan. jakin dugu komisaldegietatik aterata eremu militar bateren batera eramaten hasiko direla atxilotuak”.
Aireportuan atxiki dituzten ekintzaileei itzulera hegaldia hartzeko eskatzen ari direla azaldu du Gartziak, “Kairotik ateratzea nahi dute, hegaldiak egunean bertan hartu eta etxera itzultzeko esaten ari dira poliziak bertan dituztenei”.
Esan moduan, Rafahrako martxaren antolakuntzak erabakitzen duenaren zain dira Gartzia eta beste ekintzaileak: “Rafahko pasabidera doan martxarekin aurrera egitea erabakitzen badute, aurrera egingo dugu guk ere eta bertako pasabideraino. Horretara etorri gara hona, helburua hori da. Izan ere, bertan dagoen laguntza humanitarioa Gazara sartzea da helburua, Gazatarrak bonbekin hiltzen ari direlako, baina baita gosez edota sendagaien faltarengatik ere. Ez dugula jarraituko erabakitzen badute, atzera etxera itzuliko gara. Erabakiaren zain gara”.
Espainiako kontsulatuaren gainean mintzatu da errenteriarra, baita Madrilgo Gobernuaz ere, “dei ugari jasotzen ari da kontsulatua eta ez da egoeraren aurrean ezer egiten ari. Espainiako Gobernua, beste hainbeste. Momentuz inortxok ere ez du ezer egin, ezta bertaratu ere egoera lehen eskutik ezagutzeko”. Euskal Herritik ere ez dela heldu Eusko Jaurlaritzaren esku hartzerik salatu du Gartziak.
Lasaitasun mezua bidali du berriro errenteriarrak: “Familiei batez ere esan nahi diegu lasai izan daitezen, atxilotzen ari dira jendea, baina ongi daude pertsona horiek. Besteak ere ongi gaude, urduri, eta antolatzaileek erabakitzen dutenaren zain aurrera egiteko edo ez”.
HITZA, ahal den neurrian, martxaren inguruan gertatzen denaren informazioa zabaltzen saiatuko da bertan den ekintzailearen bidez.
