Erresidentzietako langileak Donostian mobilizatu dira
Hirugarren greba eguna zuten Gipuzkoako erresidentzietako grebalariek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari langileen "prekaritateari konponbidea" emateko eskatu diote.
Gipuzkoako erresidentzietako langileek, tartean, Sanmarkoseneko langileek, hirugarren greba eguna zuten gaur, ELA sindikatuak deituta. Gipuzkoa Plazatik abiatu eta bertan bukatu da manifestazio “jendetsu eta alaia”.
Mobilizazioan erresidentzietako hitzarmenaren negoziaketan dagoen “blokeoa” salatu dute. Gainera, Foru Aldundia zerbitzuaren %90aren finantzatzaile izanik, “langileek eta zerbitzuak dituen gabeziak onartu eta konponbidea jartzeko exijitu diete”. Halaber, hilaren 20an ELAko ordezkariak Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuarekin bilduko direla jakinaraziko dute, eta egun berean, Batzar Nagusietako Zainketa eta Gizarte Politiketako batzordean sektoreak bizi duen “egoera azaldu eta konponbideak eskatzeko” parte hartuko du.
Hitzarmenaren negoziaketak urtarrilean hasi eta azken bilera apirilaren 7an izan zela oroitarazi du ELAk, baina, “ez dagoela negoziazio erreal baterako inongo borondaterik” gaitzetsi du: “patronalek ez dute langileek egindako aldarrikapen bat bera ere kontuan hartu”.
Negoziaketek blokeatuta jarraitzen duten bitartean, “sektorean zabaltzen ari den prekaritateagatik” kezkatuta daude, izan ere, “langileen %40ak kontratu partzialak ditu, lan kargak gora egin dute eta soldata arrakala pairatzen dute”. Gainera, zaintza sistema indartzeko asmoa baldin badago “lan baldintza prekarioak ezabatu eta langile guztientzat izango den lan hitzarmen batetik hasi behar dela” azpimarratu dute.
Azkenik, hilaren 20an instituzioetako ordezkariekin dituzten bilerak “konponbiderako baliagarri” izango dira espero dute, baina, horrela ez baldin bada, uztailaren 9, 10, 11rako deitutako grebak mantenduko dituzte.
