Herritarren Arreta Zerbitzu berria astelehenean irekiko dute
Astelehenetik ostiralera emango dute zerbitzu berria, hilaren 16tik –astelehena aurrera–, 7:30etik 15:00etara.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, Herritarren Arreta Zerbitzu berria zabalduko dute astelehenean –hilak 16–. Zerbitzua Done Eztebe plazako 2. zenbakiko behean dago, udaletxe ondoko eraikinean, alegia.
Joana Mendiburu, Oiartzungo alkatea: “Legealdi hasieran esan bezala, udala modernizatu eta herritarrei zuzeneko arreta hobea eskaintzeko asmoz, Herritarren Arreta Zerbitzurako gune berria sortu dugu. Ate berria ireki dugu herritarren eta udalaren arteko harremana errazteko. Zerbitzu publiko hurbilago, gardenago eta eraginkorrago baterako bidea da HAZ”.
Orain arte tramiteak egiteko zenbait bulegotara joan behar izaten zuten herritarrek, baina, astelehenetik aurrera kudeaketa guztiak leku berean egiteko aukera izango dute: ohiko eskaerak bideratu, hondakinetako kuboak jaso, errolda agiria eskuratu, erreziboak ordaindu, ohiko zalantzak argitu…
Ildo horretatik, Mendiburuk nabarmendu du berrikuntza hori udalaren funtzionamendua berritzeko lanketa oso baten emaitza dela. “Herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eskaintzeko zerbitzuak hobetu ditugu”. Zehaztu dutenez, 140 izapide egin daitezke udalean, eta guztiak berrikusi ditu udalak “herritarrentzat ulergarriagoak eta errazagoak izan daitezen”.
Era berean, zerbitzua indartu eta ordutegia zabaldu dute; lau langile egongo dira. bertan, 7:30etik 15:00etara, astelehenetik ostiralera.
