Maite Gartzia eta beste ekintzaileak Gazako martxa hastear dira
Heren egun iritsi zen Maite Gartzia Kairora (Egipto), baina atxiloketak direla eta martxaren antolatzaileen irizpideen zain zen. Gaur jakinarazi du laster ekingo diotela martxari.
Maite Gartzia Ontiveros, Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiaren albokoa eta Errenteriako Udaleko Kultura zinegotzia, heren egun iritsi zen Kairora (Egipto) Gazarako martxan parte hartzeko. 50 nazioko herritarren parte hartzea aurreikusten zuten, baita Euskal Herriko ordezkaritza batek ere.
Egiptora iristerakoan, ordea, polizia hainbat ekintzaile atxilotzen hasi zen. Beste askori, aireportura iristerakoan, bertan atxiki eta itzultzeko lehen hegaldia hartzeko eskatu diete, “Kairotik ateratzea nahi dute”. Atxiloketak “lasaiak” izan arren, “urduri” egon dira, eta duela gutxi arte Gartzia ez da hoteletik atera, irizpideak jasotzeko zain.
Erabakiaren berri jaso dute dagoeneko: martxarekin aurrera jarraituko dute. Dagoeneko hoteletik irten eta taxia hartu du elkargunera iristeko. Gartziak, Alberto Villareal Podemos Euskadiko Osasun arduradunarekin batera, X sare sozialaren bidez azaldu du “funtsezkoa” dela martxa hau egitea, “Gazako muga hautsi eta laguntza humanitarioa sartu ahal izateko”, “Israelek gosea eta gaixotasuna gerrarako arma” bezala erabiltzea saihesteko. Ezjakintasun uneak bizi ondoren, “ilusioz eta emozioz” ekingo diote bidaiari.
