AHTaren lanek aldiriko trenetan duten eragina salatu dute
Oarsoaldeko AHT Gelditu herri mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Lezo-Errenteria tren geltokian.
Oarsoaldeko AHT Gelditu herri mugimenduak elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Lezo – Errenteria tren geltokian AHTa Oarso-Bidasotik pasa dadin egiten ari diren lanak aldiriko trenen zerbitzuan eragin ezkorra izaten ari direla iritzita. Elkarretaratzean, bestalde, aldirietako trenak dituzten arazoak salatzeaz gain, AHTa egiteko lanen dirua gastu sozialetara bideratzeko eskatu zuten.
Atzoko elkarretaratzeko deialdia luzatu zutenean, horrela zioten herri mugimenduko kideek: “Zerbitzuak murrizketak izan ditu, kalitateak beherakada izan du, etenaldiak pairatzen ari gara. Egoera horrek eragin bereziki kaltegarria du ikasle, emakume, langile, pertsona arrazializatu eta adinekoetan”.
Era berean, gaur –hilak 14– zein bihar –hilak 15– aldirikoen zerbitzurik ez dela egongo nabarmendu zuten, baita udan bi hilabeteko etenaldia egongo dela ere. Etenaldi horietan autobusak jartzen dituzte, baina herri mugimendua ez dago konforme. “Ez dituzte trenaren ordutegiak bermatzen, eta gainera, bizikletak ezin dira eraman. Azken emaitza: kalitate eskasa eta kostu handiagoak herritarrentzat”.
Hots, dagoeneko errailak konpontzeko lanek hamar urteko iraupena dutela salatu zuten. “Jose Antonio Santanok 2027rako obren bukaera iragarri badu ere, erabiltzaileok galdetzen dugu: hau al da AHTaren izenean saltzen diguten aurrerapena?”.
Azkenik, argi utzi nahi izan zuten AHTaren lana “kalte konponezinak” eragiten ari dela. “AHTaren eraikuntzaren kilometro bakoitzeko egiten ari den gastuarekin 2.083 pentsiodunek erretiro duina izango lukete, edo 7.377 alargunen pentsioa konpentsatu ahalko litzateke. Horren ordez, dirutza hori osasungintzara, zaintzara, etxebizitzara edo hezkuntzara bideratzea litzateke zentzuzkoena”.

