Oarsoaldea garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Energia hitzarmena sinatu dute
Oarsoaldea garapen agentziak pobrezia energetikoari buruzko sentsibilizazio kanpaina eta 50/50 proiektua garatuko ditu ikastetxeetan.
Oarsoaldea garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute eskualdeko energia plana bultzatzeko, “trantsizio energetiko justu eta jasangarri baterantz aurrera egiteko konpromiso partekatuaren barruan”.
Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamenduak 600.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako energia planak indartzeko; agentzia bakoitzari 60.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo zaio bakoitzaren testuingurura egokitutako jarduera zehatzak garatzeko. Zehazki, akordioaren helburua da Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategia indartzea eskualdeko plangintza eta ekintza sare baten bitartez, udalerriek energia trantsizioa laguntza teknikoa eta tresna eraginkorrak izan ditzaten.
Aizpea Otaegi Oarsoaldea garapen agentziako presidentea eta Errenteriako alkatea izan da hitzarmenaren sinaduran, eta jakinarazi du, Oarsoaldearen kasuan, pobrezia energetikoari buruzko sentsibilizazio kanpaina eta 50/50 proiektua garatuko dituztela ikastetxeetan.
Otaegi: “Jakina da erakunde guztion ardura dela trantsizio ekosozialaren erronkari politika publikoaren bidez erantzutea. Tokiko estrategia bat garatzea bezain garrantzitsua da maila ezberdinetako erakundeen arteko lankidetza gauzatzea”. Era berean, Otaegik gehitu du Oarsoaldeak bere estrategia propioa landua duela 2022-2026 aldirako, eta lankidetza horri esker, besteak beste, garatu ahal izango dituztela 2025erako aurreikusita dituzten lehentasunak.
Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasun diputatua: “Gipuzkoan trantsizio energetiko justu, jasangarri eta hurbilekoa sendotzeko urratsak ematen jarraitzen dugu. Eskualdeko energia-planak bultzatzeak kontsumoaren gainean zuzenean jarduteko aukera ematen du, tokiko eremutik energia berriztagarrien aurrezpena, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatuz. Eredu energetiko demokratiko eta bidezkoago baten aldeko apustua egiten dugu, non eskualdeek paper protagonista duten herritarrekiko hurbiltasunagatik”.
