Score proiektuko emaitzak aurkeztu dituzte
Score proiektuak kostu-onura azterketak egin ditu naturan oinarritutako irtenbideen bideragarritasun eta inpaktu ekonomikoa ebaluatzeko.
Atzo Score proiektuaren itxiera ekitaldia egin zuten Pasaiako Itsas Kultur Faktorian, eta Oarsoaldean berau garatu den bitartean lortutako emaitzaa aurkeztu zituzten. Agerraldian zehaztu zutenez, ekimen horrek berrikuntza teknologikoa, naturan oinarritutako irtenbideak eta gobernantza parte hartzailea uztartzen dituen Living Lab aitzindari bat ezarri du. Teo Alberro Pasaiako alkateak izan zuen hitza, eta hark eman zien ekitaldira bertaratutako guztiei ongi etorria.
Score proiektuak kostu-onura azterketak egin ditu naturan oinarritutako irtenbideen bideragarritasun eta inpaktu ekonomikoa ebaluatzeko; hots, etorkizuneko klima gertakariei aurre egiteko beharrezko finantzaketa planifikatzeko estrategia finantzarioak garatu ditu. Alabaina, jakinarazi zuten emaitza horiek hurrengo hilabeteetan argitaratuko dituztela.
Eragin neurgarria duten esku-hartze erakusletzat jo dituzte Errenteriako Bakearen parkea, lorategi bertikalak, Lezoko kaleen naturalizazioa, Oiartzungo ibaiertzen berreskuratzea, monitorizazio adimenduna eta Pasaiako patioen berdegunetzea.
Bestalde, hiri plangintzarako Biki Digital bat garatu dutela azaldu zuten ekitaldian. Gainera, Europako beste hiri batzuen esperientziak entzuteko aukera ere izan zuten.
Azkenik, jakinarazi zuten txosten teknikoak datozen hilabeteetan argitaratuko dituztela. Alabaina, nabarmendu zuten Oarsoaldean Score proiektua amaitu dela, “lurraldea eraldatzeko eta klima aldaketa egokitzeko lankidetza berrikuntzan duen ahalmena erakutsiz”.
Horrela amaitu zuten ekitaldia. “Irtenbide zehatzak emanda, Living Lab horrek frogatu du teknologia, natura eta herritarren parte hartzea uztartzea dela hiri erresilienteagoak eraikitzeko formula. Emaitzek ez dute soilik eskualdea hobetzen; haatik, etorkizuneko hiri erronkei aurre egiteko eredugarri bihurtzen dute”.
