Girizia pilota sailak banatu ditu pala txapelketako sariak
Zabala-Etxeberria, Agirre-Murua, Asiain-Ibarra eta Aritzmendi-Arriaga bikoteak izan ziren txapelketako irabazleak.
Girizia elkarteak Oiartzungo Udalaren laguntzarekin jarraian antolatzen duen 41. pala txapelketa irekiko finalak jokatu zituzten atzo, Madalensoron. “Oso giro ona zegoen eta partida orekatu bezain onak izan ziren”, zehaztu dute.
Orotara lau partidu jokatuko zituzten atzokoan; guztira, gizonezkoen eta emakumezkoen artean, 82 bikote osatu dituzte.
Hirugarren mailari dagokionean, Zabala eta Etxeberria izan ziren garaile, 25 eta 24 irabazi baitzieten Errekondo eta Sanchezi.
Bigarren partida emakumezkoen finala izan zen, eta Agirre eta Murua 25 eta 17ko emaitzarekin gailendu ziren Balerdi eta Larrarteren aurka.
Emakumeen ondotik, bigarren mailako partidaren txanda izan zen, eta Asiain eta Ibarrak irabazi zuten Ubeda eta Agirreren aurka, 25 eta 19.
Eta, azkenik, lehenengo mailako partida iazko bikote berak irabazi zuen: Aritzmendi eta Arriagak, alegia. 25 eta 19 irabazi zieten Loidi eta Dagerreri.
Sari banaketa egin zuten gero, eta Jesusmari Roteta Yarzaren familiari oroigarri bat eman zion antolakuntzak “urte askotan txapelketan parte hartu duelako”. Sari banaketan udaleko ordezkariak, euskal pilota federazioko ordezkari ohiak, Ander Imaz pilotaria, Josetxo Gamio Indakoetxeren familia eta antolakuntzako kideak izan ziren.
