Errenteriako XI. Tenis opena martxan da
28 tenislari ari dira parte hartzen lehiaketan hilaren 7an hasita.

ATGren Gipuzkoako Tenisaren Zaleak antolatuta Errenteriako XI. Tenis Opena Ereintza Maddalen Saria jokatzen ari dira egun hauetan Beraungo erabilera anitzetarako pistan. Hilaren 7an hasi zen txapelketa eta madalenekin batera jokatuko dituzte finalak.
Aurten 28 tenislari ari dira. Lehiaketa sistema, hurrengoa izango da Ereintzak azaldu duenez: lau tenis jokalariko zazpi talde osatu dituzte. Jokalari bakoitzak talde bereko beste guztien aurka jokatuko du, eta talde bakoitzaren sailkapena lortuko da. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek elkarren arteko kanporaketa zuzenak jokatuko dituzte finalera arte eta multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarrenek gauza bera egingo dute euren artean. Madalenetan jokatuko dira bi finalak.
Txapelketak Gipuzkoako tenis jokalari amateurrik onenak jasoko ditu: Errenteria, Donostia, Astigarraga, Hernani, Hondarribia, Tolosa, Legorreta eta Hendaiako tenislariak ari dira parte hartzen.
Parte-hartzaileen koadroak aurreko edizioetako irabazleak eta finalistak ditu. Olga Bienzobas eta Inko Mujika iazko finalistak ikusiko ditugu berriro ere, eta ziur Mujikak errebantxa hartu eta titulua kendu nahiko diola Bienzobasi. Izan ere, Bienzobasek Mujikaren aurka garaipena lortu zuen partida zirraragarri batean. Horrez gain, Gaizka Aduriz finalerdietan kanporatu behar izan zuen eta Mujikaren moduan, Aduriz txapelketaren irabazlea izandakoa da aurreko edizio batzuetan. Emakumezkoen presentzia handitu egin da edizio honetan. Olga Bienzobasen ahizpa Suyapa Bienzobasek ere izena eman baitu.
Etxekoei erreparatuta, aurten Iñigo Pérez, Adur Lekuona, Aitor Juez, Ivan Vizcaíno eta Sergio Delgado izango dira lehian.
Doan ikus daitezke partida guztiak. Astegunetan 16:00etatik 21:00etara jokatzen dituzte, larunbatetan 10:15etik 22:00ak arte eta igandetan, 10:15etik 14:00ak arte.