Erabileraren hauspoari putz
Ikasturtea bukatzear dutela balorazioa egin dute Mintzalaguna programaren arduradunek. Laurogei lagun aritu dira aurten euskaraz bizitzeko urratsa egiten. Irailera begira dira.

Euskaraz eroso aritu daitezen neurrira sortzen die espazioa Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak. Euskara zabaltzeko, arnasguneak sortu, eta nonahi entzun dadin hamaika programa eta jarduera antolatzen ditu. Mintzalaguna da horietako bat. Parte hartzeko baldintza bakarra behar da: euskaraz hitz egiteko gutxieneko gaitasuna izatea. Gaitasun horretan pixkana aurrera egin, eta konfiantzaz aritzeko gainontzeko baliabideak topaguneak berak jartzen dizkie programarekin bat egiten dutenei.
Ikasturtea bukatzear dela bilana egiteko abagunea hartu dute Xixilio Maritxalar lehendakariak eta Ximun Leturia topagunearen koordinatzaile eta Mintzalagunaren arduradunak. Hasteko, programan aritu direnei aitortza egin diete euskararen alde egiten duten hautuagatik, baina batez ere horrek suposatzen dien esfortzuagatik. Ikasturte honetan ere denetariko pertsonek egin dute programarekin, hasi euskara ikasleekin, segi euskaraz hitz egiteko espaziorik ez dutenekin, eta buka hizkera herdoilduta duten hiztunekin, «denek dute lekua gurean, eta hartu duten erabaki ausarta eta konprometitua aitortu behar zaie».
Aurten lehenengoz egin dute inkesta mintzalagunen artean, Leturiak azaldu duenez, «ikasturtearen balorazioa ezagutu nahi genuen». Jasotako erantzunekin pozik azaldu da koordinatzailea, «balorazioak oso onak izan dira». Aurten bi talde berri izana jarri du nabarmen, «hori posible izan da bi mintzalaguntzaile berri hasi direlako; ezinbestekoak dira programak aurrera egingo badu». Puntu horretan euskara duten herritarrei deia Leturiak, «ahalik eta mintzalagun gehienei erantzun ahal izateko behar-beharrezkoa dugu mintzalaguntzaileak engaiatzea programarekin». Haiei deia, beraz, programara batu daitezen, baina baita mintzalagunei ere Maritxalarrek: «Ahalik eta jende gehiena euskaraz bizitzea dugu helburu, gure hizkuntzaren unibertsora batzea. Ikasturtea irailetik ekainera izaten da, baina edozein unetan eman dezakete izena programan parte hartzeko».
Astean behin, doan
Astean behin egiten dute saioa, goizez edo arratsaldez. Izena ematen dutenen beharretara egokitzen saiatzen direlako, eta taberna bateko mahaiaren bueltan, Lau Haizetararen egoitzan —Joxepa Antoni Aranberri anitzenean—edota paseoan egiten dituzte saioak, oro har, ordubetekoak. Saioetako mintza gaiak denen artean adosten dituzte, zaletasunen arabera. Puntu horretan nabarmen jarri du Maritxalarrek mintzalagunei eskaintzen zaien trataera, haiekin duten harremana: «Pertsona bakoitza mundu bat da. Bada hitz egiteko beldur den jendea, lotsa duena; eta bada hitz eta pitz aritzeko arazorik ez duenik ere. Bi horien arteko oreka bilatzea dagokio mintzalaguntzaileari taldean denek hitz egin dezaten. Oso kontuan hartzen da, eta zaintzen da».
Beste arlo bati ere egin dio erreferentzia, umoreari. «Ez dugu nahi halako esfortzua egitea erabakitzen duenarentzat malda gora izatea programa, eta seriotasunak baztertu eta giro umoretsuan egiten saiatzen gara». Horrekin lotuta, Leturiak argitu du mintzalaguntzaileak ez direla irakasleak: «Ez dagokie akats oro zuzentzea, larriak badira egingo dute zuzenketa, baina horien egitekoa euskaraz eroso, konfiantzan aritzeko espazioa eta unea eskaintzea da». Hainbat datu ere eman dituzte Leturiak eta Maritxalarrek balantzea egiteko unean. 80 lagun hasi ziren, eta batzuk gutxiago bukatu dute ikasturtea; helduenak 92 urte ditu, eta gazteenak, berriz, 25; «batez beste 50 urteren bueltan ibiltzen dira parte hartzen dutenak». Datu esanguratsu bat: izena emandako guztien artetik %80 emakumeak dira.
Hilaren 28an jarriko diote ginga ikasturteari, «herriko Alde Zaharretik barrena bisita gidatua egingo dugu, eta ondoren bazkaria». Azken eskaera ere egin dute Lau Haizetarako bi kideek, euskaldunei begira, begirunez aritu daitezen euskaldun berri bat gerturatzen zaienean: «Egiten duten esfortzua handia da, animoak eta aitortza behar dituzte aurrera egiteko. Zaila zaie askatu eta euskaraz hitz egiten hastea, eta euskaldunoi dagokigu eskua luzatu eta bidelagun izatea prozesu horretan, bidea erraztea».
Dagoeneko irailari begira ari dira, ikasturte berria jo mugan jarrita, «euskaraz bizi nahi duen oro deitu nahi dugu bat egitera programarekin, baita horien bidelagun ezinbesteko diren mintzalaguntzaileak ere». Irailean zabalduko dute izena emateko epea; zalantzak argitu nahi dituztenek 613 25 49 04 telefono zenbakira deituta jasoko dituzte azalpen guztiak Leturiaren eskutik. Gonbidapen zabal-zabala Maritxalarrek: «Ateak parez pare zabalik ditugula esan behar nuen, baina aterik ez dugu, ezta markorik ere, den-denak dira ongietorriak. Beraz, animatu eta izena eman».