Etxebizitza tasatuen zozketan izena emateko epea zabalik
Otsaileko osoko bilkuran onartu bezala, hemendik aurrera etxebizitza tasatu bat salmentan jartzerakoan udalak izendatuko du eroslea, etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan izena emanda daudenen artean zozketa eginez.
Otsaileko Udaleko osoko bilkuran etxebizitza tasatuen ordenantza aldaketa onartu zuten, salerosketarako prozedura berria zehaztuz. Hala, hemendik aurrera etxebizitza tasatu bat salgai jartzean udalak izendatuko du eroslea, etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan izena eman dutenen artean zozketa eginez. Gainera, Udalak zehaztuko du etxebizitzaren prezioa. Egun tasatuak dauden etxebizitzez gain, gerora tasatuko diren etxebizitzen salerosketan ere aplikatu da ordenantza.
Dagoeneko izena eman dezake etxebizitza tasatu bat erosi nahi duenak. Horretarako, hainbat irizpide bete behar dira. Batetik, adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua izan behar da. Bestetik, 2025eko urtarrilaren 1etik Oiartzunen erroldatua egon behar da, edo azken hamabost urteetan bost urtez herrian erroldatua egon izana edo azken hamar urteetan herrian etenik gabe lan egin izana. Hirugarrenik, bizikidetza unitateak 15.000 eta 57.721,24 euro arteko diru sarrera haztatuak izan behar ditu. Azkenik, salbuespenak salbuespen, ez da etxebizitzarik izan behar jabetzan.
Interesdunen erregistro berria sortzen hasiak dira, eta edozein unetan izena emateko aukera dago. Behin izena emanda, automatikoki sartuko dira promozio berrien edo bigarren eskuko etxe tasatuen zozketetan.
Egoitza elektronikora sartuz izena eman daiteke, baita Herritarren Arreta Zerbitzura hurbilduz ere. Eskaera egiterakoan zenbat logelako etxebizitza eta zein auzotakoa nahi den hautatzeko aukera dago, baina, baldintza horiek betetzen dituzten etxebizitzen zozketetan besterik ezingo dute parte hartu. Edozein unetan egongo da baldintzak aldatzeko aukera.
