'La reina del Chantecler', 60 urtera bizirik oiartzuarren memorian
1962an estreinatu zen 'La reina del Chantecler' filma, Sara Montiel izan zuena. Oiartzunen hainbat zati grabatu zituzten, herritarren parte hartzearekin. Asteazkenean proiektatu zuten filma udaletxean.
Asteazkeneko emanaldiaren une bat. Oiartzungo San Juan kaleko jaiaren egitarauari hasiera emanez, herenegun (hilak 18) 18:30ean udaletxeko pleno aretoan La reina del Chantecler (1962) filma proiektatu zuten. Lanak Madril, Donostia eta Oiartzun izan zituen agertoki; oiartzuarrek memorian bizirik dute oraindik 1962an Sara Montiel herrira filma grabatzera agertu zenekoa. “Telebistan botatzen duten aldiro ikusten dugu”, komentatu zuen San Juan kaleko zineforumera bertaratutako batek, ikusle gehienak ikus-entzunezkoan agertutakoak baitziren. Asko eskertu zuten, etxeko pantaila txikien aldera, handian eta kalitate onean ikusi ahal izatea.
Filma isiltasun osoz jarraitu zuten, Oiartzungo lehenengo irudiak agertu ziren arte, non zurrumurruak ez ziren eten, La Bella Charito (Sara Montielek egiten zuen papera) Donostiara itzuli zen arte. Noski, oroitzapen asko zituzten elkarrekin komentatzeko ikusleek, filma bukatzean denen artean elkarbanatu zituztenak.
“Piperpotoz bete zuten plaza!”, komentatu zuen batek, bai eta zorua hondarrez estali zutela ere, Lehen Mundu Gerrako urteetan girotzeko. Grabaketan oiartzuar askok parte hartu zuten, baina bereziki errenteriarrek bete zuten plaza. “Busak bidaltzen zizkieten jasotzera 09:00etan eta 10:00etan. Jantziak ematen zieten, berez itzuli behar zituztenak, baina batek ere ez zuen egin!”. Ikusleetako batzuk esperientzia berdintsua bizi izan zuten Igeldora eraman zituztenean, erromeriaren eszena grabatzera, “20 pezeta ordaindu zizkiguten”; “25!” zuzendu zion beste batek. Erromeriaren ondoko eszena, aldiz, Gurutzen grabatu zela argitu zuten, Montiel eta Luigi Giuliani aktorea (Santi de Alcibar) esertzen direnean. Bertan arbolarik ez zegoenez, aihenak jarri zituzten itxura egiteko.
Ikusleek beste agertoki batzuk ere identifikatu zituzten. Santiren familiaren etxe barrukoa Arizmendi Enea zela adibidez, kanpotik Xabale agertzen bada ere. “Leihoa irekitzen duenean nabari da, nahiz eta egur batzuk jarri zituzten berdintsua izateko”. Edo ustezko muga, Matteoko zubian grabatua, Ugaldetxon. Plazan omen zegoen sagardotegia, aldiz, non, protagonistek prozesioa ikusten duten, Madrilgo eszenatoki bat besterik ez zela izan argitu zuen beste batek. Bitxikeri bezala, Done Eztebe elizara atzealdetik sartzen da Sara Montiel, aspaldi egiten zen bezala. Mendebaldeko haizea sartzen zelako, eta baita euria ere, erabiltzeari utzi zioten, Santo Cristo kaperarekin itxiz, eta alboko ataria erabiliz. Filmerako, ordea, horrela ikusgarriago izan zen.
Sara Montielen bisita oroitzapen goxoa da oiartzuar askorentzat. 30 urte ondoren, aktoreak bisita berri bat egin zuen herrira, tartean Onofrene etxera, Miren tabernaren goian, ile apainketa egiten zion familiarekin egoteko. “Garaiko produkzio handia izan zen hura, El último cuplé (1957) filmarekin dirutza egin zuten, eta honetan inbertitu zuten”. Herri guztiaren, bereziki gizonen, arreta jaso zuen “idi ainako begiak” zituen aktoreak. Denena, batena ez ezik, karnizeruarena; bere sagardo botilarekin barran zela ez zion kasurik egin aktore entzutetsuari, eta horregatik, Saritaren begirada hark jaso zuela diote bizilagunek.

Emanaldiaren sarrera.
