Ligako lehen bandera Hibaikako Senior Gizonentzat
Gaur hasi da KAE2 Liga Astilleron (Kantabria, Espainia) eta Hibaikak estropada bikaina jokatu du, eta bandera irabazi.

Ezin hobeto. Horrela hasi du liga Hibaika Arraun Elkartearen Gizonen traineruak. Estropada bikaina osatu dute Maddalen ontzikoek, biribila eta bandera irabazi. Astilleron (Kantabria, Espainia) hasi da gaur eguerdian KAE2 Liga. Traineruak aurkezteko ekitaldian banderak irabaztea eta KAE1 Ligara jauzi egitea dituztela denboraldiko erronkak esan zuen Dani Cobjuck entrenatzaileak. Lehen zatia behintzat, fin bete dute, lehen estropadan bandera irabazita.
Pozik azaldu da Cobjuck, “eskatutakoa hasieratik egin dute, lan bikaina egin dute arraunlariek. Neguan hainbeste lan, eta beraiek dioten bezala hainbeste sufrimendu eta gero oso merezitako bandera izan da gaurkoa”. Datorren asteko estropadari begira ere jarri da Hibaikakoen entrenatzailea. Hurrengo astean etxean jokatuko dute Ligako bigarren estropada, Oiartzun ibaia eta Pasaiako Badiaren artean, izan ere, Errenteria Hiria Bandera izango dute jokoan KAE2 Ligan ari diren sei ontziek. “Zintzoki esan behar badut, beste bandera bat espero dut. Ikusiko dugu, etxeko guztiak ontzian sartzen saiatu nahi dudalako”.
Ander Rekondo Herrero patroia ere pozik garaipenarekin, eta taldeak eman duenarekin Ligako lehen estropadan, “txukun ibili gara, urduritasun puntua hasieratik nabaritzen zitzaigun beroketa hasi dugunean, baina aurrera egin bezala eta erritmoak sartzearekin batera lasaitzen joan gara eta txukun hasieratik. Zentzuz egin dugu arraun eta txukun”. Patroia ere jarri da datorren asteko estropadari begira, “ondo ikusten dut, aldaketa dezente ditugu, baina horiekin ere dezente ibiltzen gara, taldea gara, lagunak beraz bat sartu edo bestea beti berdin du. Intentzio beste bandera bat irabaztea, baina hori larunbatean ikusiko da” Bandera lortzeko bidea argi du Rekondok ere, “lanean segi behar dugu aste osoan orain arte bezala, lan handia egin behar da eta horretan ari gara”.
Zuriñe Alberdi Iraola Hibaikaren delegatua ere zoratzen garaipenarekin, kluba eta arraunlariak bezala, “bagenekien hau gertatzea zegoela, baina helmuga pasa arte ezin da ezer ziurtatu. Traineruak korri egiten duela, ongi dabilela ikusi badakigu, jauzi handia egin dugu iazko denboralditik, eta azken estropadak erakutsi digute goian egoteko aukerak bagenituela. Hala ere, aurretik esan dudan moduan, estropada bukatu arte ez da jakiterik”.
Orio eta Portugaleterekin zutela kezka aitortu du Alberdik, “inkognita genuen batez ere Oriorekin ez garelako lehiatu haiekin gaur arte, besteekin aritu gara eta bagenekien nola ari ziren, baino Orio ez”.
Gaurko garaipena, ezbairik gabe, bultzada handia izango dute Hibaikako Senior Gizonek, baina baita presio puntua ere Hibaikaren delegatuak adierazi duenez, “oinak lurrean jarraitu behar dugu, lan egiten, denboraldia oso luzea delako eta ikusiko dugu nola bukatzen dugun. Hasi bikain hasi dugu, horrek indar handia ematen digu, baina lanean jarraitzea tokatzen da. Orain arte bezala, lanean segitzea tokatzen da, urratsez urrats, eta etorri behar duena helduko da”.
Gaur arratsaldean harrera egingo diete Hibaikako arraunlariei. 18:30ean izango da Zumardian, eta Hibaika Arraun Elkarteak herritar guztiak deitu ditu bertaratu eta banderaren garaipena elkarrekin ospatzera.
Ondoko bideoa Zuriñe Alberdi Iraolak egina da.
Denborak
- Hibaika: 20:49:84
- Portugalete: 21:12:22
- Orio: 21:15:86
- Busturialdea: 21:47:05
- Laredo: 22:07:08
- Lutxana: 22:39:16