Pasaiako jaiei ongietorria egin diete San Pedron
Asteburu honetako San Joan jaien iritsierak Pasaiako barrutietako jaien denboraldiari irekiera emango dio. Festa garaia inauguratzeko ekitaldia egin dute San Pedron, musikari, dantzari eta erraldoiekin.
Asteburu honetan hasi eta uztailaren 31ra arte Pasaiako barrutietako jaiak izango dira. Merezi duten ongietorria egiteko, herriko eragileen parte hartze zabala izan duen aurkezpen ekitaldia antolatu dute, dantza eta musikaz betea. Iaz egin zen lehen aldiz aurkezpen ekitaldi hau, Donibanen, eta San Pedroren txanda izan da aurten. Barrutiz barruti ekitaldia egiten jarraituko dute datozen urteetan. Eragile eta herri talde andana gerturatu dira, tartean, Trintxerpeko Illunbe musika banda, Donibaneko batelerak, San Pedroko Sorginarri txistulari taldea, Antxoko dultzaineroak, Donibaneko Lintxua dantza taldea, San Pedroko Lamiak dantza taldea, Donibaneko txistulariak, eta Pasaiako Erraldoien konpartsa. Guzti hauei eskerrak emateko baliatu dute ekitaldia, “eragilerik gabe jaiak ez liratekeelako berdinak izango”. “Urtez urte antolakuntzan, entseguetan, askotariko kudeaketan eta egunean bertan kaleak eta plazak alaitzen ibiltzen direnen” lana ere balioan jarri dute, “maite ditugun festa bizi eta herrikoiak” bermatzeagatik.
Hala, musika eta dantzaz gozatzeko aukera izan dute ekitaldira bertaratu diren herritar guztiek. Donibaneko batelerak izan dira herriko jaiei ongietorria ematen lehenak, txistulariek doinua jartzen zuten bitartean eta erraldoiak atzean zituztela dantzatuz.
Haurrak ere jaietako protagonista izaten dira, eta halaxe izan da gaurkoan ere. Lamiak taldeko haurrak San Pedroko txistularien doinuan hasi dira dantzan; ondoren, Lintxua taldeko dantzari eta Donibaneko txistularien txanda iritsi da.
Erraldoirik gabe jaiak ez liratekeenez gauza bera, erraldoiei harrera egin diete. Barruti bakoitzak bere ordezkaria izan du ekitaldian, eta Mikeletea erraldoia da Antxokoa. Mikel Garcia barrutiko alkateordea gerturatu zaio jaietako zapia lepoan jartzera. Donibaneko ordezkaria Maitane batelera da, eta Aintzane Taberna alkateordeak jarri dio zapia. Pedro Mari arrantzalea izan da San Pedroko ordezkaria, eta Miguel Mari Torrea alkateordeak lotu dio zapia lepoan. Azkenik, Trintxerpeko alkateorde den Iraitz Pazosek Karmele iñudeari jarri dio zapia, Iñakitxo besoetan zuela. Lintxua eta Lamiak taldeetako dantzariak elkartu eta agurra dantzatu diete erraldoiei, ongietorria egiteko.
Orduan iritsi da unerik desiratuena: erraldoiak dantzan ikusteko unea. Dultzaineroek musika jo bitartean jota bat dantzatzen hasi dira. Ondoren, bi valsen txanda izan da, baina bi dantzen artean Haritz Kasabal antxotarrak moldatutako bertso batzuk kantatu dituzte banda eta dultzaineroen laguntzarekin.
Berriz ere herriko eragile eta jai batzordeei eskerrak eman nahi izan dizkiete, eta barruti bakoitzeko jaien datak oroitarazi dituzte. Ekitaldiari itxiera emateko azken dantza bat egin dute erraldoiek.
Jai seguruak bermatzeko konpromisoa
Teo Alberro Pasaiako alkateak “jaiak guztionak direla” azpimarratu nahi izan du, “guztiok baitugu jaietan aske bizitzeko, gozatzeko eta parte hartzeko eskubidea, inolako beldurrik gabe”. Horregatik, jaietan ez dutela inongo eraso, jazarpen edo irainik onartuko argi utzi du: “Pasaiako jaietan ez dago lekurik eraso matxista, LGTBIfobo, arrazista, edo bestelako erasoentzat”. Bigarren urtez jarraian, erasoen aurkako protokoloa martxan jarri dutela oroitarazi du. Horrela, erasorik gabeko jaiak “elkarrekin, errespetuz, askatasunez eta alaitasunez” ospatzea opatu die herritar guztiei.
Pasaiako jaien datak:
- Hilaren 23 eta 24an, sanjoanak Donibanen.
- Hilaren 26tik 30era, sanpedroak San Pedron.
- Uztailaren 4tik 8ra, sanferminak Antxon.
- Uztailaren 11tik 16ra, karmenak Trintxerpen.
- Uztailaren 24tik 31ra, santioak Donibanen.

