Finalean da Oiartzun
Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finalerdietan Zestoari irabazita, final handia jokatuko dute oiartzuarrek larunbatean –hilak 28–.
2024ko Gipuzkoako Herriartekoaren finaleko irudia. Pasa den larunbatean Oiartzunek Zestoaren aurka jokatu zituen Gipuzkoako Herriarteko txapelketako finalerdietako itzulerako partidak, eta, 2 -1 irabazita, datorren larunbatean –hilak 28– jokatuko dute final handia, Hernaniren aurka.
Donostiako Atano III pilotalekuan izango dira partidak, 10:30ean hasita. Betiko moduan, kadeteen partida izango da jokatuko duten lehenengoa, jubenilena gero eta nagusiena azkenik.
Oiartzunek lau txapel ditu dagoeneko, eta bosgarrena lortzeko lehiatuko dira hilaren azken larunbatean. Hortaz, Oiarpek herritarren babesa eskatu dute.
Gauzak horrela, jakinarazi dute partidetako sarrerak Madalensoroko bulegoan egongo direla salgai, astearte –hilak 24– eta ostegunean –hilak 26–, 18:00etatik 20:00etara. Egunean bertan ere Atano III frontoian erosteko aukera izango da.
Kantxako sarrerek hamar euro balio dute; goikoek eta erreboteek, aldiz, bost euro.
