Hibaikazaleek hitzordua dute larunbatean Oiartzun ibaian
KAE2 Ligaren bigarren estropada jokatuko da Errenteria-Oreretan Hibaika Arraun Ekarteak eta KAE2 Ligak antolatuta eta Errenteriako Udalak babestuta.

Estropada guztiak dira garrantzitsuak, baina horretaz gain, berezia ere izango da KAE2 Ligaren barruko bigarren jardunaldia Hibaika Arraun Elkarteko Gizon Seniorrentzat eta Hibaikazaleentzat ere. Izan ere, Oiartzun ibaiak hartuko du bigarren estropada hori Errenteria-Oreretako arraun elkarteak eta Kantauriko Arraun Elkarteak antolatuta, eta Errenteriako Udalak babestuta.
Gaur arratsaldean aurkeztu dute Errenteria Hiria Banderaren XII ekitaldia Hibaika Arraun Elkarteko zuzendaritzako Zuriñe Alberdi Iraolak eta Kirol zinegotzi Leire Mazizior Egilegorrek. Haiekin batera izan da agerraldian Mikel Urtasun, estropada berezi horretarako zein arraun elkartearen aurkezpen ekitaldiko kartelak ondu dituen ilustratzailea.
Xehetasun guztiak eman ditu Alberdik. Hala KAE 2 Ligan ari diren sei ontziek, Portugalete, Orio B, Busturialdea, Laredo, Lutxana eta Hibaikak, hiru itsas milia (5.556 metro) egin beharko dituzte, bi luze eta ziaboga bakarra. Erlojupekoa izango da estropada, eta eremua, Oiartzun ibaia eta Pasaiako Badia izango dira. Hasi eta buka, Iztieta pasealekuan, Gurekin Auzo Elkartearen egoitzaren parean egingo dute sei traineruek.
Arratsaldean izango da estropada, 17:30ean hasita, eta irteera hurrenkera sailkapen taulan azkenak direnetatik hasita egingo dute, minutu bateko aldearekin. Hori horrela, Lutxana izango da irteten lehena, ondoren Laredo, Busturialdea, Orio B, Portugalete eta Hibaika.
Urtasuni aipamen berezia egin dio Alberdik, “kartelaren diseinua berak egin du bai estropada honetarako, baita traineruen aurkezpen ekitaldirako ere. Eskerrak eman nahi dizkiogu Hibaika Arraun Elkarteari egin dion ekarpenarengatik”.
Eskerrak emateko tartea ere hartu du arraunlari ohiak, eta hala, babesleak aipatu ditu, “ezinbestekoak zaretelako bide honetan”. Eskerrak ere Errenteriako Udalari Hibaikakoak, “estropada hau antolatzeko ezinbestekoa delako”.
Azkenik, herritarrei deia egin die, eta bereziki Hibaikazaleei, “larunbatean arraunaz gozatzera gerturatu daitezen. Hitzordu garrantzitsu eta berezia izango da Hibaikako Senior Gizonen traineruarentzat etxean jokatuko duelako”. Bigarren estropada izango da larunbatekoa, eta aurreko asteburuko Astilleroko (Kantabria) jardunaldiari erreferentzia egin dio Alberdik, “ezin hobeto hasi dute liga, lehen estropada Astilleron irabazita eta bandera etxera ekarrita”. aurtengo erronkak ere izan ditu hizpide zuzendaritzakoak, “lanean gogor jarraitzea, ahal dela bandera gehiago irabaztea, eta KAE 1 Ligara igotzea. Horretarako, beti bezala, behar beharrezkoa izango da zaleen babesa”.
Maziziorrek lehenik eta behin zoriondu egin du Hibaika aurreko asteburuko estropadan egindako lanarengatik, “bide horretan jarraituko duten esperantzarekin gaude, eta ea zer egiten duten larunbatekoan etxean. Hibaika Arraun Elkarteari ere eskerrak eman egindako lanarengatik bai entrenamenduetan, baita antolaketan ere, eta azkenik herritarrak animatu estropadak ikusi eta ibaiaz gozatzera”.
Ondoko bideoa, Hibaika Arraun Elkarteak egina da.