PSE-EEk hileta zibilak arautzeko ordenantza arintzeko eskatu du
EH Bilduri eskatu dio ordenantza arintzeko. Gehitu dute aho batez onartu zela PSE-EEren mozioa "Lezo egungo errealitate sozialera egokitu zedin".
Lezoko PSE-EEk udalerriko hileta zibilak arautzeko ordenantza arintzeko eskatu dio EH Bilduri. PSE-EEk ohar batean adierazi duenez, udalak aho batez onartu zuen Udal Talde Sozialistak aurkeztutako mozioa ordenantza hori sortzeko “gero eta anitzagoa eta laikoagoa den gizartearekin bat datorren alternatiba duin eta errespetuzkoa eskaintzeko”.
Sozialisten arabera, estatu akonfesional eta laiko batean, erakundeek ideologia eta kultur askatasuna zaindu behar dituzte, eta “heriotza kasuetan ekitaldi zibilak egiteko aukera eskaini behar dute. Gizarteak gero eta premia handiagoa du agur duinak eta pertsonalizatuak eskaintzeko edozein erlijiotatik kanpo bizitzea aukeratu dutenei”.
Joxean Sanchez Lezoko PSE-EEren bozeramaileak kontatu du konfesioek beren erritualak ospatzeko guneak eta tenpluak dituzten bezala, udalak eskaera “gero eta handiagoari” erantzun behar diola eta hileta zibiletarako esparru egokia eskaini behar duela Oiartzun, Azkoitia, Zarautz edo Eibarrek egitek duten bezala.
PSE-EEk gogorarazi du mozio hori talde politiko guztiek onartu zutela “egungo errealitate sozialera egokitzeko beharrari buruzko adostasuna islatuz”. Hortaz, konpromiso hori betetzeko eta eskubide hori bermatuko duen ordenantza bat idazteko eskatu dio gobernu taldeari.
