Poesia errezitaldi musikatua, euskaraz eta galegoz
Xosé Estevez eta Xoán Alonso galiziarrekin batera ariko da Antton Kazabon oiartzuarra. Gonbidapenak eskura daitezke jada.
Poesiaren zaleek hitzordu berezia izango dute datorren larunbat honetan (hilak 28) Errenteria-Oreretan. Galiziako Kultura, Folklore eta Gastronomia Astearen hogeita hamalaugarren ekitaldiaren barruan antolatutako poesia errezitaldi musikatua jasoko du Lekuona Fabrikak 11:30etik aurrera. Berezia izango da, euskaraz eta galegoz izango baitira errezitaldiak.
Xosé Estevez eta Xoán Alonso galiziarrekin batera ariko da Antton Kazabon oiartzuarra errezitatzen. Haien alboan, honako musikariak ariko dira: Edurne Saizar (pianoa), Oihane Mitxelena (akordeoia), Haizea Lekuona (flauta) eta Endika Loiola (gitarra).
Saioan zehar honako autoreen poesiak errezitatuko dituzte: Leire Ruiz Romo, Manuel Maria, Joxean Artze “Hartzabal”, Marta Ledo Jardon, Xosé Maria Diaz Castro, Pedro Mari Otaño, Juan Mari Lekuona, Xabier Lete, Antton Kazabon eta Xoán Alonso.
Gonbidapenak lotura honetan eskura daitezke dagoeneko.
