"Belaunaldiartekotasuna islatu nahi dugu plazan"
Mende laurdena beteko du Erromeria Egunak uztailaren 19an. Erreferentziala bilakatu egunak, haur, gazte, heldu eta adinekoak batu nahi ditu euskal plaza dantzaren bueltan.
Gaur aurkeztu dute Erromeria Eguna. Urteurren biribila aurten Erromeria Egunak, mende laurdena beteko baitu. 1988. urtean abiatu bazuten ere, pandemia dela eta bi urtez ez zen egin, eta aurtengoa, edizio kutuna izango dela azaldu du Ereintza Dantza Elkarteko lehendakari Andoni Goitiak. Euskal dantza herriko plazetara eta kaletara eramateko nahiarekin abiatu zutela egitasmoa gogorarazi du, “euskal dantza zerbait herrikoia izan zedin edo izaten jarrai zezan”.
Helburu hori bera izaten jarraitzen du 27 urte eta 25 ekitaldi geroago, “dantza herriarengana gerturatu, plaza eta kaleetan bistaratu, eta herrikoi bilakatzea. Eta hori erromeria formatu batera eraman genuen. Erromeria beti izan baita Euskal Herrian festa ospatzeko modua, beti izan da festa herrikoia. Euskal dantza erromeria giroarekin uztartuta, herriratu nahi izan genuen sorrera hartan, baita gaur egun ere, herriak parte har dezan”.
Erromeria Eguna antolatzen hasteak euskal dantza herrikoien ikastaroen han-hemenkako sorrera ere ekarri zuela ere esan du Goitiak, “eta gaur egun ugariak dira udalerrian”. Pozgarria dela hori esan du Ereintzaren lehendakariak, “erromeria egunak paper garrantzitsua izan duelako zabalkunde horretan”. Jaiak hartu duen dimentsioarekin ere pozik, Goitia, “erabat errotuta dagoela esan daiteke”.
Antolaketan jende ugari dagoela aipatu du bestalde, “batzuk bizitza osoa daramate”, eta zentzu horretan, eskerrak eman dizkie guztiei, egiten duten lan boluntario handiarengatik, “beraiei esker egin da, egiten da, eta egingo da”. Eskerrak ere Errenteriako Udalari presidenteak, “ematen duen laguntza oso garrantzitsua baita gure kultur ekintzak antolatu ahal izateko”.
Vanesa Castañok eta Ander Aguilerak eman dituzte egitarauaren barruko xehetasunak: “Aurtengoa berezia egin nahi genuen hogeita bosgarrena izango delako eta hori horrela, musikari, eta joaldun gehiago izango dira kaleetan”.
Aurtengo berritasuna, Aiko taldearen oparia izango dutela azaldu du Castañok, “urteurrenaren harira oparia egin nahi zigun Xabin Bikandik: Zumardian izeneko abestia sortu du. Dantza taldekoek koreografia sortu dute, eta plaza dantzak egiten diren talde ezberdinei bideo bat pasa eta landu dute re. Gainera, joan den asteburuan tailerra egin genuen Zumardian. Helburua da dantzari ibiltariaren bukaeran denek elkarrekin dantzatzea Zumardian”.
Aurten ere izango da herri bazkaria Erromeria Egunaren barruan. Herri bazkarirako txartelak, uztailaren 3tik aurrera izango direla salgai azaldu du Castañok. Arkaitza taberna eta Paki belar dendan eskura daitezke, eta esku orri eta karteletan dagoen QR kode bidez ere erosi ahalko dira; menu barazkijalea izango da aukeran.
Laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkie Castañok.
Jende gaztearengana gerturatzeko saiakera berezia egin dutela Ereintza Dantza Taldetik aurten azaldu du bestalde, Aguilerak, “gerturatzen ari zen publikoa gero eta helduagoa zela ohartu ginen eta saiakera berezia egin dugu gazteengana iristeko; ikusiko dugu lortzen dugun. Aurten gainera, Gazte Egunarekin bat egingo du”. Bat egite horrek, hasieran, beldur apur bat eragin ziela aitortu du, “bi egun garrantzitsu dira, plaza ugari okupatzen dituztenak”. Baina beldur hori uxatu, aukera gisa hartu, eta harremanetan jarri ziren gazte asanbladarekin, “Gazte Egunean parte hartuko dutenak gonbidatu ditugu Erromeria Eguneko ekitaldietan parte hartzera, eta horren truke, haiekin batera gaueko erromeria antolatzeko aukera izan dugu, Gabezin erromeria”. Bixkor txaranga ere izan dela horretarako saiakera, gazteak erakartzeko.
Belaunaldiartekotasuna aipatu du Castañok, “hori da polita, plazan, dantzan, haur, gazte, heldu eta adinekoak batera ikustea, belaunaldi ezberdinak bat eginda dantzaren bueltan”.
Giro berezia aurreikusi dute aurten gainera. Izan ere, Madalenak hasi baino bi egun lehenago izango da Erromeria Eguna, “oso gertu izango ditugu, inoiz ez ditugu jaiak hain gertu izan. Etorri beraz, denak dantzara”.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkie, “oso harro gaude ekitaldi honekin, ikaragarrizko lana dago atzean, eta hori gero gure herritarrengan islatzen da. Asko gustatzen zaie egun hau, pozez betetzen baitu herria”. Aipamena Gartziak ere aurten Gazte Asanbladarekin egin duten elkarlanari , “aurten sortu duzuen sare komunitario hori oso garrantzitsua da ere, alde horretatik beraz, zorionak eta eskerrik asko egiten duzuen lanarengatik”.
Bukatzeko herritar guztiak deitu dituzte bertaratu, dantza egin eta egunarekin gozatzera.
Ondoko bideoa Imanol Saiz Gomez de Segurak egina da.
Erromeria Eguna
- 10:30. Diana herriko kaleetan Koldo Mitxelean plazatik abiatuta.
- 11:00. XIII Errenteriako Bola Joko Sari Handia, Foru plazan.
- 11:00. Hamaiketakoa Koldo Mitxelena plazan.
- 12:00. Aiko taldearekin dantzaldi ibiltaria, Xabier Olaskoaga plazatik abiatuta.
- 14:00. Herri bazkaria Merkatuzarren.
- 17:00. Bixkor txaranga, Merkatuzarren hasi eta herriko kaleetan zehar.
- 17:30. Txistulari, trikitilari eta dultzainajoleak, Zumardian.
- 18:30. Patxi Perez eta konpainiaren dantzaldia Zumardian.
- 22:30. Gabezin erromeria Agirre Lehendakariaren plazan.
