Etxez etxeko langileek aldarrikapenak hitzarmenean jasotzea eskatu dute
ELAk eta LABek salatu dute Pasaiako Udalak egin nahi duen soldata igoera Matia Goxara enpresak bere etekinetarako baliatu nahi duela.
Hainbat hilabeteetako elkarrizketen ondoren, Pasaiako Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzuan lan egiten duten langileen lan baldintzak hobetzeko asmoa adierazi duela jakinarazi dute ELA eta LAB sindikatuek. Sindikatuen arabera, langileek oso soldata baxuak dituzte, eta lanaldietan partzialtasuna handitzen ari dela baietsi dute.
Udalak herritarrei eskaintzen dien etxez etxeko laguntza zerbitzuak publikoa izan beharko lukeela adierazi dute ELAk eta LABek. Egun, udalak zerbitzu hori enpresa pribatu bati azpikontratatzen diola gogorarazi dute. Egoera horren ondorioz, emakume langileek “oso baldintza eskasak” dituztela salatu dute sindikatuek. “Diskriminatuta gaude antzeko zereginak egiten dituzten gainerako langileekin alderatuta”, esan dute.
Sindikatuek jakinarazi dute azken hilabeteetan bilerak egin dituztela udalarekin. Udal erakundeak, lan baldintzak parekatzeko bidean, “urratsak egiteko borondatea” duela agindu zien langileei, eta, bide horretan, hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak agindu dizkiela zehaztu dute.
Alde batetik, herritarrei eskainiko dien zerbitzuan, ordu kopurua igoko du udalak. Horren harira, herritar gehiagok jaso ahal izango dute zerbitzua, eta egun jasotzen dutenek, zerbitzu hobea jasoko luketela ziur dira sindikatuak. Aldi berean, lanaldi kopurua handituz, langileek pairatzen duten partzialtasuna murriztuko litzatekeela esan dute ELAk eta LABek, “soldata duin baten egonkortasuna edukitzeko aukera izan genezakeelarik”.
Bestalde, udalak baliabide ekonomiko gehiago jarriko dituela agindu die sindikatuei. Erabateko parekatzera iritsiko ez diren arren, langileek soldata duina izan dezaketela ziur dira. Era berean, lanaldia edota atsedena bezalako aldarrikapenak hitzarmenean sartuko lituzketela adierazi dute.
Egun, Matia Goxara enpresak kudeatzen du zerbitzua, eta sindikatuek zehaztu dute udalak egin nahi duen ahalegin ekonomikoa enpresak bere etekinetara bideratu nahi duela. “Enpresaren proposamenean soldata igoera soilik aurreikusten dute, gainontzeko garrantzizko gai guztiak alde batera utziz. Eta igoera hau ere, udalak proposatzen duena baino kopuru txikiagoan”, esan dute sindikatuek.
ELAk eta LABek salatu dute “onartezina” dela Matia Goxarak, diru publikoarekin, “zaintzaren kontura negozioa egin nahi izatea, langileon lan baldintzak prekarietate egoeran iraunaraziz”.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek Matia Goxara enpresaren jarrera salatu dute: “Gure lan baldintzak hobetzeko hainbat bileren ondoren lortu dugun udalaren ekarpena, gure hitzarmenera bideratua izan behar du”.
Langileek ozen esan dute ez dutela onartuko “prekarietate egoera batean mantentzeko nahia”, ezta haien lanaren kontura, Matia Goxarak “dituen onurak handitzea”. “Egiten dugun lana ezinbestekoa da Pasaiako herritarrentzako, eta dagozkigun lan baldintza duinak eta hitzarmena aldarrikatzen ditugu”.
Sindikatuek udalari eskatu diote “beregain” har dezala zerbitzua ematean dagokion erantzukizuna, eta enpresari argi utz diezaiola, “diru publikoaren erabilera egokia bermatuz, egingo duen ahalegin ekonomikoa langileon baldintzetara bideratu behar dela”.
Langileek argi esan dute mobilizatzen jarraituko dutela beren aldarrikapenak lortu eta lan baldintzak prekarietatetik ateratzea lortu arte.
