Adierazpen instituzionala LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira
Bihar LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da, eta Pasaiako Udalak "harrotasunez" aldarrikatzen ditu LGTBIQ+ komunitateko pertsonen aniztasuna, bizitzak eta kolektibo horren eskubideen aldeko borroka.

Bihar LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da, eta Pasaiako Udalak adierazpen instituzionala argitaratu du egun horren harira. Pasaiako Udalak “harrotasunez” aldarrikatzen ditu LGTBIQ+ komunitateko pertsonen aniztasuna, bizitzak eta kolektibo horren eskubideen aldeko borroka, pertsona guztiak inplikatzen dituen borroka baita hori.
Udalak argi utzi du pertsona guztien berdintasunerako eskubidea eta diskriminaziorik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea defendatzen jarraituko duela, eta ez duela onartuko gorrotoa, intolerantzia, irainak eta erasoak nagusitzea. Hori dela eta, aniztasunarekin, errespetuarekin eta askatasunarekin duen konpromisoa berretsi du udalak, “etorkizun bizigarriagoa eraikitzeko”.
Udalak gogorarazi du aurten Pasaiako LGTBIQ+ errealitateen diagnostikoa eta neurrien diseinua jarri dituela abian, uste baitute edozein errealitatera hurbiltzeko “ezinbestekoa” dela Pasaian kolektiboak bizi duen egoera ezagutzea, haren ezaugarriak aztertzea eta bidelagunak aurkitzea.
Bukatzeko, udalak hilaren 28rako antolatutako jarduera eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die pasaitar guztiei. Era berean, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eta haien ikusgarritasunaren aldeko borrokan lanean ari diren pertsonei aitortza egin nahi die udalak.