Arditurri eguna ospatuko dute uztailaren 13an
Besteak beste, Arditurriko meategi nagusia, erromatar garaiko Arditurri 3 meatze galeria eta euskal makila borroka jokoaren erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da.
Iazko Arditurri eguneko irudi bat. Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak, urtero bezala, Arditurri eguna antolatu du Oiartzungo Udalarekin lankidetzan. Uztailaren 13an –igandea da– izango da egun seinalatua, eta 10:30ean hasita, ekintzaz beteriko goiza izango da.
Egitarauari hasiera ematen dioten unetik hasi eta 14:00ak arte, Arditurriko meategi nagusia bisitatzeko aukera egongo da, doan, eta, horretaz gain, Arditurri 3 erromatar garaiko meatze galeriara sartzeko aukera izango dute bertaratzen diren hamalau urtetik gorako bizilagunek. Galeria hori urtean behin edo bitan baino ez dutenez zabaltzen, aukera paregabea izango da naturaren ondarea ezagutzeko.
Horretaz gain, goizeko hamaiketatik aurrera, jolasak eta tailerrak izango dira Abaraxka ludotekaren eskutik. Era berean, antolakuntzatik jakinarazi dute goiz osoan zehar janari eta edari zerbitzua egoteaz gain, zuzeneko musika ere egongo dela.
Gero, 11:30ean, euskal makila borroka jokoaren erakustaldia egingo du Oiartzungo elkarteak, hura baita ondare hori gorde eta berreskuratzeaz arduratzen dena.
12:15ean hegazti askatzea egingo dute; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basabizi zentroak fauna jaso, sendatu eta berreskuratu egiten du, eta bertan egiten duten lana ezagutarazten duten bitartean, zenbait hegazti bertatik bertara ikusteko aukera ere izango da.
Ekitaldira bizikletaz igotzeko aukera egongo da; izan ere, bizikletak uzteko toki egokitua prestatu dute antolatzaileek.
Meategira sartzeko ez da erreserbarik egin behar, baina sarrerak mugatuak direnez, egunean bertan banatuko dituzte. Informazio gehiagorako, 943 49 42 48 edo 688 89 50 68 zenbakietara deitu edota helbide honetara mezu bat bidali behar da.
