Inude eta Artzainek dantzan jarriko dute San Pedro
Asteburuan dantza protagonista izango da San Pedron, Inude eta Artzainen desfileek dantzan jarriko baitituzte barrutiko txoko eta bazter guztiak. Bihar haurren desfilea egingo da, eta igandean, helduena.

Asteburuan dantza protagonista izango da San Pedron, Inude eta Artzainen desfileek dantzan jarriko baitituzte barrutiko txoko eta bazter guztiak. Bihar (larunbata) haurrak izango dira protagonista. Igandean, aldiz, San Pedro Egunean, helduen konpartsa arduratuko da San Pedro alaitzeaz. Bi desfileak 12:00etan irtengo dira. Haurrena gimnasiotik abiatuko da, eta Torreatzen geldialdia egin ondoren, frontoian bukatuko dute herri dantzaldia. Helduak Pablo Enea kaletik hasiko dira, eta barrutia zeharkatu ondoren, frontoian bukatuko dute ibilbidea. Aitziber Zurutuza haurren konpartsan eta Edurne Txintxurreta helduenean buru-belarri ari dira asteburuko zitak prestatzen, eta gogotsu daude desfilea egin eta San Pedro dantzan jartzeko.
Lehen desfilea, aurrez aipatu bezala, haurrena izango da. Aurtengo dantzaldiak berritasun nabarmen bat izango duela azaldu du Zurutuzak, San Pedro Egunean izan ordez, festetako larunbatean izango delako. Jai batzordean hartutako erabakietako bat izan zen helduen desfileak beti festetako igandean izan behar zuela. Hori dela eta, haurrena larunbatera aurreratu dutela baietsi du Zurutuzak. Hortaz, aurtengoa ez da San Pedro Egunean izango, ohi bezala, baizik eta festetako larunbatean.
Haurren desfilean hamasei dantzari bikote eta 32 pertsonaia aterako dira. Horiei, gainera, danbor joleak eta txaranga gehituko zaizkie, San Pedro musika doinuez ere betetzeko. Pertsonaiak Haur Hezkuntzako haurrak izango dira. Dantzariak, aldiz, Lehen Hezkuntzakoak dira. Zurutuzak adierazi du haien helburua dela haurrek disfrutatzea eta egun horren protagonista izatea.
Igandean helduen konpartsa arduratuko da San Pedro girotzeaz. Helduen desfilean 29 bikote arituko dira dantzan. Haurren desfilearen antzera, dantzariek danbor joleak eta pertsonaiak ere izango dituzte bidelagun. Pertsonaiak, ohi bezala, aurten 50 urte bete edo beteko dituzten sanpedrotarrak izango direla aurreratu du Txintxurretak.
Ibilbide luzeko tradizioa
Inude eta Artzainen San Pedroko desfileek sona eta tradizio handia dutela adierazi dute bi sustatzaileek. Txintxurretak jakinarazi du duela urte batzuk San Pedroko festen liburu bat argitaratu zutela, eta bertan jaso zen barrutiko Inude eta Artzainen lehen desfilea 1927an egin zela. Ia mendea bete da lehen desfile hartatik, eta, egun, tinko jarraitzen du. Ia ehun urte horietan gorabeherak izan direla nabarmendu du Zurutuzak, eta hainbat urtez konpartsak ez zuen San Pedroko kaleetan barrena desfilatu. Gehigarri batekin berreskuratu egin zutela baietsi du Zurutuzak. Gehigarri hori haurren desfilearen sorrera izan zen, eta eraketa horretan Margari Portabalesen figura berebizikoa izan zela adierazi du egungo antolatzaileak. Desfile xume bat izatetik asko handitu dela goratu du Zurutuzak, Portabalesek hasitako bideari esker. Haurrenak ibilbide laburragoa badu ere, konpartsa hori herrian «sustraitzen» ari dela ziur da egungo antolatzailea, eta horren adibide da helduen konpartsako kide askok haurrenetik egin dutela jauzi.
Desfileek agerian utzi dute ibilbide luzeko tradizioa duen jarduera bat dela San Pedron Artzain eta Inudeena. Txintxurretak, esaterako, txikitatik bizi izan ditu, eta aitortu du «oso polita» dela parte hartzea eta dantzatzea. Helduen sustatzaileak zehaztu du konpartsek kolorea ematen diotela herriari, betiko tradizioa bizirik mantenduz.