Espetxe zigorrak eta isunak, Ciudadanos auziaren arrastoa
Oihu eta kazerolada bidez "faxismoaren kontra" egin zutenetako 23 lagun horiek akordio batera heldu dira fiskaltza eta akusazio partikularrarekin, azken unean, epaiketaren atarian.

Sei urte pasa dira Ciudadanos alderdiak mitina antolatu zuenetik Errenteria-Oreretan. 2019ko apirilaren 14an egin zuen mitina Albert Riverak orduan gidatzen zuen alderdiak Foru Plazan. Lazo horiz beteta esnatu zen egun horretan plaza hori, Kataluniari keinu egiteko, eta herritar ugari bildu ziren Riverari berari eta bere alderdiari ez zirela ongi etorriak esateko. Urte bereko maiatzean jakin zen ikerketa abiatu zuela fiskaltzak, mehatxu, irain edo gorroto deliturik egin zuten argitzeko. Ikerketa horren oinarrian, berriz, Albert Riverak Ciudadanoseko garaiko buruak aurkeztutako salaketa. Salaketarekin batera, hainbat argazki eta bideo aurkeztu zituen froga modura, eta antza, horietan azaltzen ziren lagunek jaso zuten auzitegira joateko zitazioa.
2020ko ekainean protestengatik instrukzioa egiten ari zen epaileak 23 lagun auzipetu zituen. Guztiei, hauteskunde delitua eta ordenu publikoaren kontrako delitua egotzi zien.
Sei urte geroago heldu da gertakari haien harirako ondorioen berri. Oihu eta kazerolada bidez “faxismoaren kontra” egin zutenetako 23 lagun horiek akordio batera heldu dira fiskaltza eta akusazio partikularrarekin azken unean epaiketaren atarian. Hamahiru urteko espetxe zigorra eskatzen zuten auzipetu bakoitzaren kontra. Akordioaren ondorioz, 6 hilabeteko espetxe zigorra jaso dute hamar lagunek, eta beste hamahiruk 28.000 euroko isuna ordaindu beharko dute guztira. Sei hilabeteko espetxe zigorra jaso dutenek, aurrekari penalak, eta inhabilitazioa izango dituzte, gainera.
Gutuna zabaldu dute zigortutako 23 lagunek. Justiziarik ez dela egin salatu dute bertan, “ez da zilegi faxismoari aurre egiteagatik eskatu zizkiguten karguak egoztea, eta azkenik, espetxearen eta isunaren artean erabaki behar izatea. Eta dena gure eskubideak eta jendartea arriskuan jartzen dituzten faxista horiei aurre egiteagatik”.
Euskal Herria, Euskara, emakumeen eskubideen, langileen, LGTBI+ kolektiboaren eta pertsona arrazializatuen kontrako “eraso berritzat” jo dute auzipetuek zigorra eta gaineratu “frankista berriek” ez dutela etsiko eta erasoek eta probokazioek jarraitiko dutela. Horren aurrean “desobedienteak izateko eskubidea” aldarrikatu dute, “eskuin muturrari aurre egiteko zilegitasun eta eskubide osoa dugu. Egin genuen eta ez gara damutzen”.
Herritarrei dei egin diete auzipetutako pertsonek “jarrera autoritarioei” tinko erantzuteko, “ezin dugu kikildu fatxerioaren aurrean”.
Azkenik, isunei aurre egiteko hainbat dinamika abiatuko dituztela ere jakinarazi dute, eta horiei adi egoteko eskatu diete herritarrei.
Zigortutako herritarrek idatzitako gutuna, oso-osorik irakur daiteke azpian.
Zigortutakoen gutuna
Sei urte, sei urte luze, pasa dira Ciudadanos alderdi politikoak bere mitina egin zuenetik gure
herrian. Bere mitina apirilaren 14an, errepublikaren egunean, eta inongo ordezkaritzarik ez duen
herri eta lurralde batean. Ohituak gaude horrelako probokazioekin, baina egia da Faxismoaren
oldarraldi honen aurrean ezin dugula ez geldi ez mutu geratu.Hori dela-eta, hainbat herritar (ez esateagatik herriaren zati handi bat) kalera atera ginen. Alderdi eta
pentsamendu desberdinetako pertsonak izan ginen kaleetan gure desadostasuna adierazteko, denok
batera.Beraien mitina egiteko Xenpelar plaza itxi zuten, eta segurtasun neurri ugari izan zituzten. Bien
bitartean gure egunerokoa egiten saiatu ginen, hori bai Catalunyako herriari gure babesa adierazten
(gogoratu plazan agertu ziren xingola hori erraldoiak) eta Faxistak gure herrian ez direla ongi
etorriak adierazten. Nola? Oihu, kazerolada eta abarrekin. Hori indarkeria omen da, ez gure
desadostasuna adierazteko eskubidea.Horren ondorioz, hainbat herritar inputatuak izan ginen delitu desberdinak egotzita (atentatua,
mehatxuak, ordena publikoa urratzea…) 13 urteko espetxe zigorra eskatzera iristeraino. 6 urteren
ostean epaiketaren ataritan ginela azken unean akordio batera iritsi gara fiskaltza eta akusazio
partikularrarekin. Akordio honen ondorioz gutako batzuk 6 hilabeteko espetxe zigorra jaso dugu
horrek dakarrenarekin (aurrekari penalak, inhabilitazioak, “delitu” bera egiteko debekua), eta beste
batzuk isuna ordaindu beharko dugu, guztira 28.000€ inguru.Ez da justiziarik egin, ez da zilegi faxismoari aurre egiteagatik eskatu zizkiguten karguak egoztea,
eta azkenik espetxearen artean eta isunaren artean erabaki behar izatea. Eta dena gure eskubideak
eta jendartea arriskuan jartzen dituzten faxista horiei aurre egiteagatik. Eta argi esan nahi dugu hau
beste pausu bat besterik ez dela Euskal Herriaren kontra, euskararen kontra, emakumeon
eskubideon kontra, langileon kontra, LGTBIQ+ kolektiboaren kontra, pertsona arrazializatuen
kontra… neo frankistek ez dute etsiko eta erasoek eta probokazioek jarraituko dute, baina guk argi
aldarrikatzen dugu desobedienteak izateko eskubidea, eta eskuin muturrari aurre egiteko zilegitasun
eta eskubide osoa dugula. Egin genuen, eta ez gara damutzen.Azkenik herritarroi dei bat egin nahi dizuegu: jarrera totalitario hauen aurrean tinko erantzuten
jarraitu behar dugu (aurten ere Vox alderdi ultra-eskuindarraren aurka egin genuen bezala), ezin
dugu kikildu fatxerioaren aurrean. Ez dira pasako!Isunei aurre egiteko hainbat dinamika ezberdin burutzea pentsatzen ari gara, hortaz, adi egon,
udaran zehar komunikatzen joango gara nola lagundu ahalko duzuen. Eskerrik asko Orereta!