Gaixotasuna ikusarazteko bustiko dira
Esklerosi anizkoitza erdi-erdian jarriko du Esklerosi Anizkoitzarengatik Busti Zaitez kanpainak igandean.

Urteroko hitzorduari ez dio hutsik egingo Errenteria-Oreretak, eta aurten ere, igandean zehazki —hilak 6—, elkartasun bustialdia hartuko dute dozenaka herritarrek.
Helburu hori du ADEMGI elkarteak. Hark antolatuta, Gipuzkoako hainbat udalerritan esklerosi anizkoitza erdi-erdian jarriko du Esklerosi Anizkoitzarengatik Busti Zaitez kanpainak. Helburuak: gizartea sentsibilizatzea, eta baliabideak lortzea. Sentsibilizazioaren barruan, gaixotasun neurologiko horrek eragiten dituen arazoez informatzea izango dute helburu, eta baliabideak lortzeko arloan, berriz, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteak gaixotasuna duten pertsonentzako eskaintzen dituen errehabilitazio zerbitzuak finantzatzeko dirua lortzea.
Igandean bustitzeko, arrazoiak ugariak dira. Ondokoak, batzuk baino ez: Gipuzkoan 750, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2.700, eta Espainiako Estatuan 55.000 pertsonek dute gaitza. Arrazoiak, oraindik ere ezezagunak dira; trafiko istripuen ondotik, pertsona heldu gazteen desgaitasunaren bigarren arrazoia da esklerosi anizkoitza; edota elkarteak gaixotasuna duten pertsonen bizitza duintzeko beharrezkoak dituen bitartekoak izan ditzan.
Lagundu nahi duten herritarrek Fanderiako igerilekuan izango den postuan aurtengo ekitaldirako diseinatutako merchandising produktuak erosteko aukera izango dute. Halaber, dohaintza egiteko aukera ere izango dute. Igeri eitea da beste bide bat; parte hartzaileen artean diplomak banatuko dituzte. Batean zein bestean animatzen ez direnek, kanpaina zabaldu dezakete sare sozialen bidez ADEMGI etiketatuz eta #bustizaitez25 traola erabiliz.