Jantziaren zentroak bederatzigarren erakusketa iraunkorra zabaldu du
1740 urtetik 1970ra arteko 35 kaleko jantzi bildu dituzte erakusketa iraunkor berrira.

Bederatzigarren erakusketa iraunkorra zabaldu berri du Jantziaren Zentroak. 35 jantzi bildu ditu bertara, denak kale jantziak eta 1740 urtetik hasi eta 1970 urtera artekoak. Nabarmen jarri ditu Jantziaren Zentroak bilduma berriaren kolore argiak, ” jantzi zuri, urdin eta loredunak ikus daitezke. Ia guztiak emakume jantziak dira, gehientsuenak Frantziakoak, baina Alemania, Erresuma Batua, Amerikako Estatu Batuak eta Filipinetako arropa ere ikus daiteke”.
Horien artean, gainera, goi joskintzako bi diseinatzaile handiek egindako hiru jantzi dira: Charles Frederick Worth (1825-1895) goi joskintzaren aita izan zenaren urre koloreko gaueko soineko distiratsua, eta belus urdinean jositako kaleko jantzi eta berokia. Bestea, Cristolbal Balenciaga (1895-1979), Getariako diseinatzailearen ospakizun jantzi berezia ikusgai da bigarren solairuan.
Etxeko ondarea ere, Euskal Herrikoa, bildu dute erakusketara. Sei jantzi dira denera, gehientsuenak dohaintza jasotakoak. Hiru baserritar jantziak dira, bi Lapurdikoak, eta bestea Beasaingo gizon blusoia. Izabako (Nafarroa) eta Atharratzeko (Zuberoa) bi emakumezko jantzi, eta azkena, Goizuetako (Nafarroa) ezkongai jantzia.
Urtebte iraungo du erakusketak; zabalik izango da larunbatetan goiz eta arratsaldez, eta igande eta jai egunetan goizetan.
Bisita gidatuak ere antolatu dituzte, bi zehazki. Uztailaren 20an izango da lehena, eta abuztuaren 24an bigarrena, biak 12:00etan. Ordu erdi iraungo dute eta 7 euro balio ditu (pentsiodunek 6 euro ordainduko dituzte). Parte hartzeko aurrez izena eman behar da posta elektronikora idatzita (klik hemen) edo Errentreriako turismo bulegora deituta: 943 49 45 21.