Malkoak 'trapu' bihurtu dituzte
Batelerek asteburuko bi banderak irabazi dituzte eta ETEko lider jarri dira. Herrian harrera beroa egin zieten atzo.

Hilaren 22an Pasaiako ETE Ligako bandera izan zen jokoan. Hango irudi esanguratsuena Laida Valderrama Bateleren patroiarena izan zen, negarrez eta atsekabetuta, bandera ehuneneko batzuengatik ihes egin zielako arrosei, Zarautzen alde. Malko haiek trapu bihurtu dituzte emakume arraunlariek asteburuan. Jokoan ziren bi banderak, Donibane Lohizunekoa eta Portugaletekoa irabazi dituzte, eta gainera, ETEko lider jarri dira Zarautzekin puntutan berdinduta. Malkoak bandera bihurtzearena ez da magia kontua izan. Lana, handia, dago horren guztiaren atzean. Malkoak, kasu honetan poztasun tantekin, atzo egin zituzten sanjuandarrek, Batelerei harrera egin eta emozioz betetako arratsaldea izan zelako Donibane aldean. Asteburu biribila emakume arraunlari sanjuandarrentzat.
Izan ere, 2013tik 2018ra ia den-dena irabazi zuten Bateleren ondoren, 2019 eta 2022 artean San Juanen emakumeen trainerua berpizteko saiakera egin zuten klubean. 2022-2023 sasoietan, ordea, ezin izan zuten uretaratu. Iaz hasi zen mende honetako Bateleren hirugarren generazioa lehian, tripulazio oso-oso gaztearekin, kirolari gazte horiek ondoan eskarmentuko arraunlari batzuk zituztela. Gazte-eskarmentudun formula hori aurtengoan ere errepikatu egin dute, eta emaitzak ematen hasi da. Gehiegitxo esatea da garaipen eta loria aro berri bat hasi dutela arraunlari sanjuandarrek. Baina aro berri honetan garaipenak ondoan izanda, agian, 2013-2018 tarte horretan lortutakoak berriz ere itzul daitezkeela amesten hasteko aitzakia izan dezake baten batek. Baina lan asko egin behar da oraindik ere amets horiek egikaritzeko. Bidea egiten hasiak dira, baina, Batelerak trainerukoak.
Larunbateko estropada Donibane Lohizunen izan zen. Han, Ia bi segundoko aldearekin utzi zuten atzean Zarautz arrosek. Atzoko Portugaleteko Banderan, berriz, erosoago irabazi zuten Anartz Gereñok entrenatutakoek, ia hamar segundo atzean utzi zuten Zarautz. Bi estropada horietan Kaiku izan zen hirugarren. Beraz, garaipenekin eta ETEko lider jarrita, Euskotren Ligara igotzeko play-offean sartzea jada helburu ukigarri bihurtu da arrosentzat. Baina helburu hori itsasoan egikaritu behar dute, asteburuan lortutako banderek itsutu gabe.
Jarraian, ETE Liga nola dagoen ikusteko, haien webguneko lotura. Behean, berriz, Bateleren asteburu bikainaren laburpena, irudietan.





