'Libia', ez hotz eta ez bero
Larunbatean pattal samar, eta igandean hobeto. Epel hasi du San Pedrok KAE1 Liga. Tripulazio gazteak hazten jarraitu behar du.

Ezabatu imaginariotik maila gorenetik jaitsi, eta KAE1en aurtengo San Pedroko traineruaren ibilbidea paseo antzekoa izango dela berriz ere Eusko Label Ligara igotzeko. Iazko Libia-k eta aurtengoak ez dute zerikusirik. Ia erabatekoa izan da aldaketa. Beste kuadrilla bat, lemazainetik hasita, da traineru morearen eskifaiakide. Ezin dira konparatu iazko San Pedro eta aurtengoa. Hori garbi izanik uler daiteke aurtengo KAE1en Libia epel dabilela emaitzei dagokienez, ez hotz eta ez bero. Arraunlari berri asko, gazteak dezente, ari dira kolore morea defendatzen Kantauri itsasoan. Esaterako, asteburu hobetan, Gazte Mailako arraunlari batek debuta egin du Libia-n. Denborez eta puntuez harago begiratu behar dute aurten sanpedotarrek eta zaleek, argi luzeko irakurketak egin behar dituzte. Aurtengoan formazioa eta eskarmentua tokatzen dira, hurrengo sasoian helburu mardulagoen bila joateko.
Edonola ere konpetizio betean dira traineruak. Tontakeri gutxi uretan. Edozein akats txikik estropada bat baldintza dezake. Neurri batean hori da aurten Libia-ri gertatzen ari zaiona: larunbateko Donibane Lohizuneko banderan zazpigarren izan ziren, eta atzo Portugaleten seigarren. Postu bateko aldea izanda ere, arraunkera eta itxura ezberdineko bi estropada izan ziren. Asteburuko honetako, eta aurrekoko estropadetako lau emaitzak kontuan hartuta, zazpigarren dira KAE1eko sailkapen nagusian egun moreak. Beraz, igoera play-offerako hautagaien zerrendan izan nahiko balute, hobekuntza oso nabarmena beharko lukete Fernando Valenciagak entrenatutakoek. Asteburuko bi estropadak Santurtzik irabazi zituen, play-offerako faborito nagusiak.
Beste 11 estropada falta dira KAE1eko egutegian. Horiek denak hobetzeko balio behar diete sanpedrotarrei. Ziur ahal izango dela, eta ea epeletik berora pasatzeko aukera duten. Ligako emaitzen eta sailkapenen berri izateko, baliatu esteka hau.