Antzezlan onenaren saria jaso du 'Julieta ETA Romeo' lanak
Oiartzungo Gazte Sortzaileek lanak Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan irabazi du saria. Romeo eta Julietaren moldaketa bat da lana.
Oiartzungo Gazte Sortzaileek Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan antzezlanik onenaren saria jaso dute Julieta ETA Romeo lanagatik. Iaz sortu zuten lana, eta Romeo eta Julieta lanaren moldaketa bat da. 1985. urteko Euskal Herrian dago girotuta.
Luix Mitxelena da lanaren zuzendaria, eta sariarekin “oso eskertuta” dagoela azaldu du. Gainera, kontatu du orotara 480 sarrera inguru saldu dituztela, Antzoki Zaharra bete zutela, eta oso eskertuta daudela guztiarekin. “Esperientzia oso polita izan da herriko gazteentzat hau bizitu ahal izatea eta antzerkira horrelako modu natural batean gerturatzeko aukera izatea”, jarraitu du oiartzuarrak.
Gazte Sortzaileen proiektua Oiartzungo Udalaren laguntzarekin sortu dute, hura baita taldea finantzatzen dutela, eta proiektuarekin lortu nahi dutena da “Oiartzungo gazte sortzaileei plaza bat eta baliabideak ematea beren proiektuak sortzeko”.
Auritz Jauregi da Julieta ETA Romeo antzezlaneko aktoreetako bat, eta berak Donostiakoa “esperientzia berri eta desberdin bat” bezala deskribatu du. “Bagenekien lanak Oiartzunen funtzionatu zuela bi sold out egin genituelako, baina ilusio berezia genuen denok Oiartzundik kanpo emanaldia egiteko”.
Emanaldiarekin, gustura
Jauregik kontatu du bazekitela Donostiako ikusleen zati bat Oiartzungoa izan zela, baina, hala ere, “gure etxea” ez den leku batean antzerkia egiteak bestelako emozio batzuk sortu zizkiela. Urduritasuna izan da zerrendatu duen lehena, ez baitzekiten jendeak broma zehatz batzuk ulertuko zituen edo ez. Eta, erronka modura aipatu du lehendik ezagutzen ez zuten oholtza batean antzerkia egitea, horrek suposatzen baitu espazio berri batera egokitzea eta neurri horietan nola mugitu jakitea.
Emanaldiari berari dagokionean, ordea, “oso gustura” aritu zirela kontatu du Jauregik. “Oso ondo funtzionatu zuen denak; barre asko egin zuen jendeak eta horrek lasaitu egiten gintuen”.
Azkenik, saria irabazi izana ziklo baten itxiera dela sentitzen du oiartzuarrak. “Berriz denok elkartzea antzerkia egiteko eta antzezlana egiteaz gain irabazi izana opari bat izan da. Oiartzungo testuinguruan sortu den antzerki bat bere ingurutik atera eta irabaztea polita izan da. Uste dugu merezi dugula”.
Hilaren 12an Oiartzunen egingo dute antzezlana, eta sarrerak bukatzear badira ere, gutxi batzuk geratzen dira oraindik, hemen.


