Aztitza liburuaren aurkezpen "berezia" egingo dute ostegunean
19:00etan hasita, aurkezpenak Ehuntze eta Post-etxea espazioetan egingo dituzte. Musika, argazkiak, janaria... denetarik izango da aurkezpenean.
Etzi, osteguna, hilak 3, Aztitza liburuaren bigarren aurkezpena egingo dute Oiartzungo Ehuntze eta Post-etxea espazioetan; baina, ez imajinatu liburu aurkezpen ohiko bat, ez baita nolanahiko jardunaldia izango.
Iluntzeko zazpietan hasiko da ekitaldia, eta lehenbizi Loaren defentsan piezarako Ananda Berasartek egindako argazkiak proiektatuko dituzte Post-etxean. Proiekzioa Hua Elizetxea biolinstak girotuko du.
Gero, Ainhoa Alberdik Aztia piezako pertsonaiarekin eramango ditu bertaratutakoak Ehuntzera, eta bertan Imanol Ubedak Aztiako zenbait abesti kantatuko ditu akustikoan. Era berean, Oier Guillanek egun horretarako prestatutako testu berria tartekatuko du liburua definitzeko erabili duen “enpatia politikoa da” leloa gogora ekarriz.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, janaria eta edaria egongo dira ekimenak irauten duen bitartean.
