Hasi da Escalerillaseko bizilagunen aurkako epaiketa
Atzo goizean Pasaiako portuaren jabetzako Escalerillaseko etxebizitza blokean bizi diren bederatzi familietatik bosten aurkako epaiketa egin zen Donostiako epaitegietan.

Atzo goizean Pasaiako portuaren jabetzako Escalerillaseko etxebizitza blokean bizi diren bederatzi familietatik bosten aurkako epaiketa egin zen Donostiako epaitegietan. Epaiketa azkarra eta laburra izan zela jakinarazi du Etxebizitza Sindikatuak, eta epaia datozen egunetan iritsiko dela zehaztu dute. Etxebizitza Sindikatuko kideek, Escalerillaseko bizilagunekin batera, elkarretaratzea egin zuten Donostiako epaitegiaren aurrean familia horientzat “kalitatezko alternatiba” bat exijitzeko.
Sindikatuak adierazi du Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) bi taldetan bereizi dituela bizilagunak. Alde batetik, duela sei hamarkada baino gehiago portura lanera iritsi ziren lehen maizterrak kokatu ditu. Bestetik, lehen maizter horien oinordekoak daude. Epaiketa azken horien aurkakoa izan dela baietsi du sindikatuak.
Alderdi demandatzaileak “prekario” bidezko etxegabetze bati ekin nahi ziola adierazi du Etxebizitza Sindikatuak, bertan bizi zirenak “etxebizitzak usurpatzen aritu zirelakoan”. Sindikatuaren defentsa judiziala, aldiz, gertaera hori ukatzean datzala nabarmendu dute, “lehen maizterrek beren ondorengoei egindako errentamendu kontratuen subrogazioa egon dela argudiatuz”. Sindikatuak gogorarazi du bizilagunak hainbat hamarkadetan bizi izan direla etxebizitza horietan, hileroko errentak ordaintzen, beren diru sarrerekin etxebizitzak eta eremu komunak mantentzen eta berritzeko erabiltzen. Portuarekin, gainera, “denbora luzez” harremanetan izan direla baietsi du sindikatuak.
Epaiketa baino bi aste lehenago, portuak eta bizilagunek bilera bat hitzartu zutela jakinarazi du Etxebizitza Sindikatuak. Bilera hori baino egun bat lehenago, PPA bizilagunekin harremanetan jarri zela adierazi du sindikatuak, “agenda arazoengatik” bertan behera uzten zutela iragartzeko. Sindikatuak portuaren jarrera salatu du, haien ustez “negoziatzeko borondate eza erakusten duelako”.
Testuingurua
Duela bost hamarkada baino gehiagotik, familia batzuk Pasaiako portuaren jabetzakoak diren Escalerillaseko etxebizitza blokean bizi dira. Bizilagun asko 1970eko hamarkadan iritsi ziren bertara portuaren inguruan lan egiteko, eta, ordutik, hilabetero alokairuak ordaindu dituztela jakinarazi du Etxebizitza Sindikatuak, eta etxebizitza horietan modu egonkorrean bizi dira.
Etxe horiek, baina, arriskuan daudela gogorarazi du sindikatuak, blokea eraitsiko dela iragarri baita, portura sartzeko trenbide berri bat eraikitzeko. Egun, kaltetutako familia gehienek “bizitoki alternatiba egokirik” jaso ez dutela salatu du sindikatuak: “Familia gehienei Pasaiako portuak ez die bizitoki alternetibarik edo konpentsazio ekonomikorik eskaini, etxegabetze mehatxuak soilik”. Bederatzi familietatik, hiruri kalte ordain “barregarriak” eskaini edo beste pertsona batzuk bizi diren etxebizitza batzuetara aldatzea proposatu dietela baietsi du sindikatuak. “Hau da, portuak proposatutako alternatiba familia gehiago etxetik botatzea da”, salatu du sindikatuak.
Escalerillaseko gunetik eraikiko duten trenbide berria, “Escalerillas eraisteko aitzakia dena”, Eusko Jaurlaritzaren funts publikoekin finantzatutako obra bat dela nabarmendu du Etxebizitza Sindikatuak. Hala ere, jarduketek “logika erabat pribatu bati” erantzuten diotela zehaztu dute: “Algeposa enpresaren kostu logistikoak murriztea”. “Hitz gutxitan esanda, diru publikoa erabiltzen da enpresa interesen alde egiteko, portuaren jarduerari urteetan eutsi diotenen etxebizitza eskubidea arriskuan jartzearen kontura”, esan du sindikatuak.
Etxebizitza Sindikatuak nabarmendu du erantzukizun instituzional “ezberdinak” daudela afera honetan. Lehenik eta behin, Pasaiako portuan jarri dute arreta, etxebizitzak eraitsi nahi dituelako eta etxegabetzeen “erantzule zuzena” delako. Bigarrenik, Euskal Trenbide Sarea aipatu dute, “Escalerillas lursailean trenbidea eraikitzeko arduraduna” baita.
Borrokaren kronologia eta aldarrikapenak
Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du kaltetutako familiei ez zitzaiela blokea eraisteko planen berri eman 2023ko urte bukaerara arte. Une hartan, portuko zuzendaritzak etxebizitzak “modu ordenatuan uztera animatu” zituela adierazi du sindikatuak. Egoera horren aurrean, bizilagunek Etxebizitza Sindikatura jo zutela gogorarazi du sindikatuak, eta elkarrekin urte eta erdi baino gehiago daramate, “etxegabetze mehatxuen eta alternatiba faltsuen aurka borrokan”.
Etxebizitza sindikatuak une hauek nabarmendu ditu:
- 2024ko ekainean, 1.000 pertsona baino gehiagok manifestazioa egin zuten Pasaian, Escalerillaseko borrokari emandako babesa erakutsi eta bizilagunentzako bizitoki alternatiba aldarrikatzeko.
- 2.000 pertsona baino gehiagok gutun bat sinatu zuten Pasaiako portuari konponbide bat eskatzeko, baina portuak ez du erantzun.
- Auzokideek mozio bat aurkeztu duten Pasaiako Udalean, etxegabetze prozeduren aurrean bere babesa eskatuz. Mozio hori ukatu egin zuen udalak.
- EKIDA arte ekimenak errebindikazio mural bat margotu zuen etxebizitza blokearen fatxadan.
- Gedar Langile Kazeta hedabideak erreportaje bat argitaratu zuen bizilagunen testigantzak bilduz.
Bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatuak etxegabetze prozedurak gelditzea eta Pasaiako portuarekin negoziazio mahai bat “berehala” irekitzea eskatu dute. Familiek “merezi dituzten” bizitoki alternatibak eskatzen dituztela adierazi du sindikatuak: “Enpresa pribatu baten onurarako azpiegitura baterako milioika euro badaude, gaur egun etxerik gabe geratzeko arriskuan daudenen etorkizuna bermatzeko baliabideak ere egon behar dira”.