San Fermin, 'Eres tú', eta abanikoak
Trebera taldeak antzoki bihurtu zuen atzo San Fermin eliza. Jendez bete zen, eta abanikoen ufadek giro beroa arintzen lagundu zuten. 'Recordando Mocedades' ikuskizuna, oroitzeko modukoa.

Txiki gelditu zen atzo arratsaldean Antxoko San Fermin parrokia. Horren arduradun Trebera taldea, eta haien Recordando Mocedades ikuskizuna. Eskualdetik bira egin ondoren, taldeari sorterrian tokatu zitzaion atzokoan emankizuna zabaltzea, eta nola gainera. Bete-bete egin zen aretoa Mocedades talde bizkaitarraren kantutegia oinarri izan zuen emanaldiagatik, espresuki elizara moldatutakoa. Taldekideen artean antxotar dezente, baita inguruko herrietako kideak ere. Mimoz, maitasunez interpretatu zuten pasarte bakoitza, Iñigo Ortega zuzendariaren gidaritzapean. Etxean jokatzea batzuetan zaila omen da; atzokoan, justu kontrakoa. Gozamena zientoka ikusleentzat, eta taldekideentzat.
Klima aldetik eta giro aldetik bero atzo barrutiaren erdialdeko eraikinean. Elizetan fresko egiten duela esaten dutenak atzo erratu egin ziren. Litekeena da epeltasun horren arrazoia publikoaren presentzia masiboa izatea. Eserleku jarrai eta kolektiboetan eserita hasieran, eta zutik eta dantzan ondoren, arma bat izan zuten esku artean askok: abanikoa. Freskatzeko arma. Freskotasuna ere interpreteen zereginean, etxean aritu arren, urduritasunak aparte utzi eta emozioa eragin zutelako ikus-entzuleen artean.
Atzokoa garai bateko sanferminen pregoi antzekoa izan zen. Bihar (ostirala) hasiko diren Antxoko festen atarikoa. Mocedadesen kanturik klasikoenek parrokiaren akustika proban jarri zuten, emaitza egokiarekin. Aldare nagusiaren aurreko jarleku guztiak, baita alboetako pasilloetakoak ere, gainezka. Koruaren zatian ere antxotarrak. Sakelako telefonoak albo batera utzi, eta aurrez aurre ikusi eta entzun zutenarekin disfrutatu zuten. Irribarre asko. Zoriontasun kolektiboa. Nola ez, errepertorio osoa egin ondoren, Eres tú abestiarekin itxi zuen, bisetan, emanaldia Treberak.
Publikoaren artean, zurrumurrua. “Zergatik ez da eliza gehiagotan erabiltzen kultur emanaldietarako?”, esan zuen testu honen egilearen alboan zen batek. Beste baten erantzuna: “Honek Antxoko antzokia beharko luke izan, betirako”.
Jarraian, Trebera taldekoek HITZAra bidalitako irudiak eta bideoa. Beherago, koadro urdinean, Antxoko sanferminetako lehen egunen egitarauak. Bihar (ostirala) hasiko dira, eta hilaren 8ra arte iraungo dute.







Antxoko sanferminak. Lehen egunetako egitaraua.
Hilak 4, ostirala
- 16:00: Futbitoko finala Usozen, kale hezitzaileek antolatuta.
- 17:00: 5-10 urte bitarteko haurrentzako tailerrak, Gure Zumardian, Topagunearen eskutik.
- 18:30: Pala finala 16 urtetik gorakoentzat Ibaiondo frontoian, Papinek antolatuta.
- 18:30: Moliñomariren etorrera, Topagunearen eskutik.
- 19:00: Topa Topagunean.
- 19:30: Jaien aurkezpena Gure Zumardiko oholtza nagusian.
- 20:00: Txuopinazoa. Trintxerpeko Illunbe Bandaren emanaldia, Pasaitarra Musika Elkartearen mendeurrenaren omenez. Ondoren, erraldoi eta buruhandiak kaleetan barrena.
- 20:45: Futbitoko finala Usozen. Ondoren, Malatxo txaranga Usozetik Biteri plazara, Papinek antolatuta.
- 22:00: Afaria norberak ekarritakoarekin, Topagunean.
- 23:00: DJ Iker Rodriguez, Mimos tabernan.
- 23:00: Mugan taldearen kontzertua, Topagunean. Ondoren, Kilimak eta DJ La Fulana, Topagunean.
- 00:00: Helduen danborrada herrian barrena.
- 00:00: DJ Esm, DJ Javi Hidalgo eta DJ Lizzy, Papinen.
Hilak 5, larunbata. Euskal Jaia
- 6:30: Diana
- 10:00-12:00: Plater tiraketa lokala Hondarribiko tiro zelaian, Galepertarrak elkarteak antolatuta.
- 11:00-13:00: Haurrentzako arrantza txapelketa, 0 eta 16 urte bitartekoentzat, Julian Mate I. Memoriala, Galepertarrak elkarteak antolatuta.
- 12:00: Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena.
- 13:00: Marianitada girotua, Topaguneak antolatuta.
- 14:30: Bazkari herrikoia, Biteriko karpan.
- 16:00: Mus txapelketa, Hogei tabernan.
- 17:00: Helduen danborrada, Berrara igotzea.
- 17:00: Tortilla txapelketa, Axular plazan. Ondoren, txaranga bertan.
- 17:00-18:00: Jirabira haurren txaranga, Gure Zumardian. Euria egingo balu, Ibaiondon.
- 18:30: Bertsolariak, Mimos tabernan: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin.
- 19:00: Basari elkartearen danborradako luntxa, elkartearen parean.
- 20:30: Basari elkartearen danborradaren irteera, Usozetik.
- 22:30: Arkale, Eztanda eta Brigade Loco taldeen kontzertuak, Papinen.
- 23:00: DJ Iker Rodriguez, Mimos tabernan.
- 23:30: Itzal Erromeria, Gure Zumardiko oholtza nagusian.
- 00:00: Txita Ibiltaria, Topagunearen eskutik. Ondoren, DJ Txorimalo, Papinen.
- 02:00: Fresa Morango, Topagunean.
- 03:00: DJ Itzalpeko laguna, Papinen.
Hilak 6, igandea. Gazte Eguna
- 11:00: Xake txapelketa adin tarte guztientzat, jubilatuen egoitzan.
- 12:00-18:00: Marmitako txapelketa eta ondoren bazkari herrikoia eta mariatxia, Galepertarrak elkartearen eskutik.
- 12:00: Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena.
- 13:00: Nafarroako jotak, Gure Zumardiko oholtza nagusian.
- 15:00: Bazkaria, Topagunearen gunean. Ondoren, jolasak eta Hamarru elektrotxaranga.
- 18:30-22:30: DJ Nemux, Mimos tabernan.
- 20:30: Salbea, San Fermin elizan.
- 22:00: Albina eta Divina, Topagunean.
- 23:00-02:00: Zazpi zar Erromeria, oholtza nagusian.
- 23:00: DJ Nemux, Mimos tabernan.
- 23:30: DJ Esm, Laket tabernan.
- 23:30: Tekno gaua, Papinen.